Jaurlaritza da, Topaguneak berak dioenez, Euskaraldiaren posibilitatearen ezinbesteko eragilea. Topagunea eta Jaurlaritza dira eragile nagusiak. Ez dakit zenbat diru jarri duen Jaurlaritzak ekimen honetarako. Bere aurrekontu osoaren ondoan, huskeria bat segur aski. Ekimena, garrantzi handikoa omen da. Jaurlaritzak jantzi du euskaltzale izatearen txapela.
Baina aztertzen badugu Jaurlaritzaren hizkuntz-politika (eta egiten duen guztia da hizkuntz politika, dena egiten baita hizkuntza batean edo bestean eta motibazio, ezagutza eta erabilera modu bateko edo bestekoan) euskararen biziberritzeari trabak jartzen dizkion eremu asko dago. Eta bereziki, euskarari buruzko politika esplizituetan, euskarak beharko lukeen minimotik behera egiten du.
Norbaitek pentsa dezake pentsionisten eskaerek (pentsio duina gutxienez 1.080 euro eta abar…) ez dutela ezer ere ikusteko euskararen biziberritzearekin. Baina ez da horrela. Pentsionisten eskaeren kontra Madrilen eta Gasteizen botoa emanez gure herriko jende multzo handi baten bizitzan urduritasun, kezka, ezinegona… sorrarazten du. Euskara biziberritu nahi bada, euskara kezkaz, ezinegonez eta urduritasunaz osatu nahi al dugu? 500 euro jasotzen duen pentsionistari euskara ikasteko gogoa piztuko al zaio edo egoera horrek zaildu egiten du pizte hori?
Adibide bat da. Baina pilo bat ditugu. Gipuzkoako erraustegiaren proiektu eroarekin zer gertatzen da? Probintziako udal guztiak 30 urtetarako zorpetuak gelditu direla, hau da, bizitza duinerako datorren hain egoera latzerako –eta euskararen biziberritzerako—baliabide finantzario oso murriztuarekin.
"Jaurlaritzak etekin errazak ateratzeko okasioa ikusi du eta bere gaineko agintariei azaldu nahi die beren negoziorako ere hona dela Euskaraldia babestea"
Azken adibidea: Europako Batasunatik gauden krisiari aurre egiteko eskaini omen duen dirutzaren ia erdia Iberdrola eta Petronorrentzat izango omen dira Jaurlaritzaren eskaeraren arabera. Baina ez al dira Iberdrola eta Petronor, eta Banka osoa estatu glotofagiko honen (Espainiako Estatuaz ari naiz) euskarri nagusienetakoak? Euskaraldia sustatu eta glotofagiaren euskarri nagusienetakoari dirutza eman?
Baina begiratzen badiogu hertsiki euskararen hizkuntz politikari, zer aurkitzen dugu? Berrogei urte eta gero, Osakidetza euskaldundu gabe. Eta egin diren Osakidetzarako euskara plangintzak, nire ustez, oso txarrak izan dira. Itxura egitekoak eta fruitu oso mugatukoak.
Egia da eskoletan, herriaren bultzadaz, euskara garatu dela. Baina arazoak begi bistan daude. Euskara ikasi bai, erabili ez eta atzera pausuak. Edo euskara ikasi bai, baina eskolarako soilik. Edo euskara ikasi bai, baina euskararekiko apustu tinkorik gabe… Eta, gainera, zein da eskola euskaldunaren funtzioa Jaurlaritzaren planetan? Sistema ekonomiko ekozida eta genozida honek omen dituen beharrei erantzutea. Ez da bizitzarako eskola, merkaturako eskola baizik Jaurlaritzaren buruan dagoena.
Eta aparte utziko ditugu beste detaile batzuk: Lander Arbelaitz-en aurka bi ertzainek jarritako salaketa; euskal kultur-sortzaileen egoera larri erantzunik gabekoa; euskal argitaletxeen egoera larria; Gobernukide batzuen eta ETBko buruaren monolinguismoa; irakaskuntzan COVID-19 garaian izandako murrizketak; publizitatearen banaketarekin egiten zaien faborea euskararen bazterketa muinean duten egunkari glotofagikoei (El Diario Vasco, El Correo Español…); ETB1en kalitate tamalgarria eta ETB2ren ez-euskaltasun erroetakoa (gaztelera erabili daiteke, noski, euskararekiko motibazioa pizteko, baita bizitza duinaren aldeko imaginarioa lantzeko ere)…
Nahiko luzatu naiz. Jaurlaritzak euskaltzale txapela jantzi du Euskaraldiarekin. Dobaranek argi utzi zuen ARGIA-n egindako elkarrizketan: lau urtez behin egiten diote azterketa (hauteskundeetan, noski) eta harro erakutsiko du Euskaraldia. Bitartean bestelako protesta-gaiak panoramatik baztertuak geldituko dira. Eta errematerako esaten digu Confesbak eta Bankuekin (erakunde kapitalista, patriarkalak, ekozidak izateaz gain, glotofagikoak diren horiekin) harremanetan dagoela, ea horiek ere euskaltzale txapela janzten duten.
Topaguneak omen dio Jaurlaritzarik gabe Euskaraldia ezinezkoa izango zela. Jaurlaritzak etekin errazak ateratzeko okasioa ikusi du eta bere gaineko agintariei azaldu nahi die beren negoziorako ere hona dela Euskaraldia babestea.