argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak euskal hedabideen gomendioak aintzat hartu gabe banatu ditu diru laguntzak
  • Komunikabide euskaldunek egindako gomendioak kontuan hartu gabe ebatzi du Eusko Jaurlaritzak 2015eko diru laguntza deialdia. Iaz baino diru gehiago banatu du, baina hedabideek eskatzen zuten irizpide aldaketa kontuan hartu gabe.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko uztailaren 14a
Iban Arantzabal, Alberto Barandiaran eta Iban Arregi Hekimenen izenean iazko azaroan Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzak ez ditu kontuan hartu sektoreak diru laguntzetarako egindako gomendioak.

Hekimen euskal hedabideen elkarteak azaldu duenez, guztira 94.000 eurotan igo da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko komunikabideetan inbertitu duena. Nolanahi, duela hiru urtetik partida izoztuta egon dela gogora ekarri du eta gainera, urte hartan milioi bat euro jaitsi zela.

Era berean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputazioek hedabideentzat bideratzen duten aurrekontuak bere horretan jarraitzen dute Hekimenen esanetan.

Gainera, ohar bidez elkarteak adierazi duenaren arabera, “iaz bezala, aurten ere aldeak daude hedabide bakoitzak jaso duenaren inguruan”.

Lehengo lepotik burua

Iazko ebazpenean Jaurlaritzak garrantzi berezia eman zion “irismena”-ren aldagaiari, hau da, medio bakoitzak daukan audientziak diferentzia handiak markatu zituen puntuazioan, baita polemika eragin ere.

Gai horrek %70eko puntuazioa jaso zuen eta horrek “aldaketa handiak sortu zituen iazko ebazpenean”, sektoreak adierazi duenez.

Irizpide aldaketak sortutako ezinegona ikusita, Hekimenek hainbat gomendio luzatu zizkion HPSri, deialdian sar zitzan. Hala nola, hedabide bakoitzaren izaera eta hedadura kontuan har zedila eskatu zuen –“hedabide guztien publiko potentziala ez da bera”, dio sektoreak igorritako oharrak–; baita produktu bakoitza zenbatero banatzen den ere kontuan hartzeko.

Bost unibertsitate-adituk 2014ko ebazpena aztertu ondoren egindako txostenetan oinarritu ziren Hekimenen gomendio horiek, baina Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu.

Zer eskatzen dute medio euskaldunek

“Ikusirik gomendioak ez direla aintzat hartu eta aurten ere iazko irizpide berdinak erabili direla diru laguntzak banatzeko, euskal hedabideen elkarteak berretsi nahi du hedabideen sektoreak gogoeta zabala eskatzen duela eta gogoeta horrek isla izan behar duela, gero, diru laguntzen deialdian”, dio Hekimenek ebazpenaren balorazioan.

Elkarteak gaineratu duenez, “sektoreak duen irismena, efizientzia eta eraginkortasuna kontuan hartuta, hedabideek beste inbertsio batzuk behar dituzte, urterokotasuna gainditu eta urte anitzeko diru laguntzen deialdiari begira”.