argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak espero du landa turismoa eta estatu mailakoa direla suspertuko diren lehen turismo motak
  • Sonia Pérez Ezquerra Jaurlaritzako Turismo sailburuak ohartarazi du "orain dela unea elkarrekintza publiko-pribatuko eredu hobetuetarantz aurreratzeko". Onartu du zuzeneko laguntzak ematea izan dela koronabirusaren aurrean Turismo sailaren lehentasuna (ez du zehaztu zenbat). Baina adierazi du turismoa bizkortzeko "bigarren fasea are garrantzitsuagoa" izango dela eta kontsumoko bonuak erabiliko dituztela, adibidez, turismoa berpizteko.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a

Sonia Pérez Ezquerra Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi duenez, adituen ustez koronabirusaren krisitik irtengo diren lehen turismo azpisektoreak naturakoak izango dira: landa-turismoa, gero hirietakoak eta, azkenik, bileretarako turismoa (MICE akronimo ingelesaz izendatzen du Jaurlaritzak azken hau).

Orain euskal herritarrak eta espainiarrak erakartzea xede

Pérez Ezquerrak adierazi duenez, “nazioarteko turismoak eramango du denbora gehien suspertzeko, eta horrek nabarmen eragingo die gure ekitaldi eta kongresuei. Beraz, barneko eta estatuko turismoari erreparatu behar diegu, ez bakarrik aisialdian, baizik eta negozioan ere bai, beste autonomia-erkidegoekin eta Espainiako Gobernuarekin ditugun aliantzak sendotuz, bidea elkarrekin egiteko, MICE turismoa bizkortzeko ahaleginak bateratuz”.

Ekitaldi handietatik tamaina txikiagoetara

Kontuan izanik MICE turismoari buruzko topaketa birtualean egin dituela adierazpen hauek Pérez Ezquerrak, tarte berezia eskaini dio negozioak egiteko baliatzen den turismo mota honen etorkizuna nola suspertu azaltzeari: “Geure burua berrasmatzeko ordua da. Protokolo berriez hasi gara hizketan, egoitza anitzeko ekitaldiez, eta administrazioen eta enpresen arteko erantzukizun partekatuaz. Krisi honetatik, zuhurtasunez aterako gara, baina baita irudimenaz ere. Beharbada, alde batera utzi beharko ditugu ekitaldi handiak, baina tamaina txikiagoko ekitaldiak indartu ahal izango ditugu, eta horietan hainbat hiri elkarrekin eta aldi berean kontaktatzeko aukera izango dugu, kontaktuak mugatuz, baina presentzia fisiko eta birtuala baztertu gabe”.