argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak enpresa ttipi eta ertainak laguntzeko 68 programa diseinatu ditu
  • "Une kritikoari" aurre egiteko, 430 milioi euroko aurrekontua bideratu du Ekonomiaren Garapenerako Sailak enpresa hauetara. Interesa duten enpresek programa bat baino gehiagotako laguntzak jasotzen ahalko dituzte. SPRI industria sustapenerako elkartearen bitartez galdetu beharko dira.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 18a

"Une kritiko batean gaude, eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) laguntzeko beharra dugu. Gure ehun industrialaren gehiengoa dira, eta modu global batean lagundu nahi diegu, ahalegin berezia eginez". Horra laguntza programen berri emateko orduan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi izana.

430 milioi euroko aurrekontua bideratu du Ekonomiaren Garapenerako Sailak enpresa hauetara, 68 laguntza programen bidez.

Interesa duten enpresek programa bat baino gehiagoko laguntzak jasotzen ahalko dituzte. SPRI industria sustapenerako elkarteak banatuko ditu laguntza horiek, eta hiru bilera informatibo antolatu ditu otsailaren 24, 25 eta 26rako –aldi oro gai ezberdin batean zentratuz: "teknologia, berrikuntza eta ekintzailetza"; "industria, energia eta ingurumena"; "lehen sektorea, landa garapena eta itsasertza"–. Elkarte honen webgunetik pasa behar da eskaera bideratzeko.

Bost bloketan banaturik

68 laguntza programak bost bloke handitan banatu dituzte. Lehen blokea larri dauden enpresentzat edo larri dauden eremu geografikoetan daudenentzat. Baina horrez gain, eraldaketa digitaleko, ekintzailetzako, industria-garapeneko, nazioartekotzeko, ekonomia zirkularreko, trantsizio energetikoko edo elikagaien industriako proiektuak ere lagundu nahi dituzte.

Iaz jardun industriala %13,3 jaitsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nazioartekotze prozesua ia erabat gelditu zelako joan-etorriari jarritako traben erruz. Pandemiak, 2020an, % 9,5eko jaitsiera eragin du Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian, eta langabezia-tasa % 11,20koa izan da bertan.