argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak datorren ikasturteko unibertsitate-bekak onartu ditu, Gorenak EAEren konpetentzietan eskua sartu ostean
  • Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak astearte honetan onartu du 2019/2020 ikasturterako unibertsitateko beken deialdia. Lakuako Gobernuaren arabera, aldaketa oso txikiak egin dituzte, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko unibertsitate-beka sistemaren zati bat bertan behera utzi ostean.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 03a
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea prentsaren aurreko agerraldi batean (argazkia: Irekia).

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 26,2 milioi euro bideratuko ditu unibertsitateko beketara eta beste 100.000 euro jarriko ditu mugikortasun arazo bereziak dauzkaten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko. Gainera, 1.000 euroko txekea ere mantenduko da 120 espediente akademiko onenak dauzkaten ikasleentzat.

EAEn edo EAEtik kanpo ikasiko duten 11.500 ikasle inguru izango dira beka horien onuradunak.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEn 30 urtez indarrean egon den beka-sistema bertan behera utzi ondoren iragarritako neurriak dira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak auzitegiaren erabakiari buruz galdetua izan ondoren eman duen erantzuna jaso dute Noticias taldeko egunkariek. Erkorekaren esanetan, “eskandalagarria” da Gorenaren sententzia. “Autogobernuaren eta konpetentzien” aurkako “eraso” gisa deskribatu du.

“30 urtez hezkuntzan beka-sistema propio bat eraiki dugu eta orain Gorenaren epai honek errotik puskatu nahi du”, adierazi du Erkorekak. Espainiako Estatuko lurraldeen arteko berdintasunaren izenean, ikasleentzako diru-laguntzak “behetik parekatu” nahia antzematen du Jaurlaritzako bozeramaileak erabaki horren atzean.

Erkorekaren ustez, Gorenaren epaiak aukera berdintasunaren ideiari helduta utzi du bertan behera EAEko unibertsitate-beken sistema; baina aukera-berdintasun horrek aurrera egiteko faktore izan behar luke, ez laguntzak gutxitzeko tresna. Alde horretatik, gogora ekarri du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bekek oinarri “anbiziotsuagoa” dutela Espainiako Estatuko oinarri orokorrek baino.