Burgos iparraldeko frackingaren aurkako taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute azaroaren 21ean Bilbon, SHESA enpresa publikoaren egoitzaren aurrean. SHESAk, AEBetako Petrichor eta Cambriarekin batera, Angosto-1 izeneko eremuan hidrokarburoak bilatzeko baimena du. Mobilizazioaren deitzaileen esanetan, proiektua nahikoa aurreratuta dago, eta laster hasi behar omen dira zulatzen Loma de Montija herrian –Euskal Herritik 30en bat kilometrora–, Angosto-A izeneko zundaketa-gunean.
Inguru horretan haustura hidraulikoa erabiltzeak Bilbo urez hornitzen duen Ordunteko urtegia –Bilboko Udalak kudeatua– kutsatzeko arriskua dakar. Joan den otsailean EH Bilduk prentsaurrekoa eman zuen, zundaketek 400.000 bizkaitarrek hartzen duten uraren kalitateari dakarkioten mehatxua salatzeko. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak bat egin zuen salaketa horrekin; halaber, azaroaren 21erako Burgosko frackingaren aurkakoek deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dute.
Fracking Ez plataformak ere deialdia babestu zdu. Prentsa ohar batean adierazi dute Angosto-A eremuan frackinga erabiltzeak, Ordunte arriskuan jartzeaz gain, Cadagua eta Ebro ibaietan isurketa toxikoak gertatzeko arriskua dakarrela.
EAEko legearen aurka joatea aurpegiratu diote Jaurlaritzari
Gainera, ekainean EAEko Legebiltzarrak onartutako frackingaren aurkako legearekiko Jaurlaritzak orain arte izandako jokabidea salatu dute. Besteak beste, aipatu egin dute 2016rako aurrekontu proposamenean sei milioi euroko gastua aurreikusten dela frackingarekin lotutako eginbideetarako.
Era berean, SHESAk Burgosen haustura hidraulikoa erabiltzea EAEn frackinga eragozteko legea babestu duen gehiengo sozial zabalari iruzur egitea dela iritzi dio Fracking Ez-ek. Gogoan hartu behar da, Eusko Jaurlaritza dela SHESAren jabe bakarra, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez.
Jaurlaritzak ez du gezurtatu urri amaieran Maria del Carmen Lopez de Ocariz PPko kideak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean egindako salaketa larria. Lopez de Ocarizek EAJri leporatu zion Espainiako Gobernuari frackingaren aurkako EAEko legeari helegitea jartzeko eskatu izana. Joan den azaroaren 13ko osoko bilkuran Lakuako bozeramaile Josu Erkorekari itaundu zioten horretaz, baina hark ez zuen erantzun argirik eman, Gara-k hurrengo egunean argitaratu zuenez.