argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak berriro normaldu ditu azokak, hiletak eta ospitale pribatuen betiko martxa
  • Eusko Jaurlaritzak koronabirusagatiko konfinamendua arintzeko bidean baliorik gabe utzi ditu hilabete eta erdiz indarrean egon diren neurrietako batzuk, tartean azoka eta hiletak egin ezin izatea eta Covid-19aren kontrako borrokan ospitale eta oro har osasungintzan ari diren enpresa pribatuetan esku hartzea.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a
Nekane Murga Osasun sailburua apirilaren 6an orain baliogabetutako neurrietako batzuk jakinarazten.

Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri ditu konfinamenduaren arintze progresiboari dagozkion aldaketok, hedabideei azaldu dienez. Bertan behera utzi ditu gizartean zalaparta gehien sortu zuten bi neurri, hiletak eta nekazarien eta lekuko produktuen azokak egitea debekatzen zutenak.  Martxoaren 26an ezarri ziren hileta  zibil eta erlijiosoen eta beilaldien debekuak eta apirilaren 6an debekatu zituen azoka eta feriak, nahiz eta ondoren Jaurlaritzak atzera egin behar izan zuen bai herritarren presioagatik eta baita udalen eskumenetan muturra sartu zuelako.

Zalaparta gutxiago sortu arren, osasun sisteman eragin handiagoa izan duen beste esku hartze bat ere baliogabetu du orain Jaurlaritzak: koronabirusagatik Osasun Sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro pribatuaen funtzionamendua mugatzen zuen araua ezabatu du. Horrek ahalbideratu dio osasun sistema publikoari pandemiaren kontrako borrokan ospitale eta gainerako baliabide pribatuak erabili ahal izatea, azken urteotan nagusitu den osasunaren pribatizazio joeran salbuespen oso deigarria izan dena.

Konfinamendua arintzen hasita, Euskal Autonomi Erkidegoan martxoaren 18tik koronabirusaren kontrako baliabide guztiak koordinatu dituen Zuzendaritza Batzordea ere desegin du Eusko Jaurlaritzak.