Astearte honetan jakinarazi du albistea Bergarako Udalak, baina dioenez Jaurlaritzaren ebazpenak ez die erantzuten baimenik ez emateko udalaren argudioei eta helegitea jarriko dio Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzaren ebazpenari.
Bergarako Udalak azaroaren 22an egin zituen alegazioak eta orain dioenez, batetik "indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta". Eta bestetik, "hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez da bateragarria, erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala".
Udalaren ustez, ez da aintzat hartzen Bergarako hiri ordenamenduak dioenari jarraituz emandako kontrako hirigintza bateragarritasun txostena ere. Honakoa dio Jaurlaritzaren idazkiak: “Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, eta Ingurumen Baimen Bateratua eman zaio Valogreene paper BC, SLri, Bergarako Larramendi industrialdeko H partzelako instalazioan Kalkare-materialaren ekoizpenerako”.
Udalak bere webgunean dioenez, aldiz, "2021eko azaroaren 8an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jarduera arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua kontzeptuarekin argitaratu zen".
"Pirolisia errausketaren gisakoa da"
Zaldibarko zabortegira eramaten ziren paper hondakinak hura itxi aurretik, eta orain horiek tratatzeko beste gune bat bilatzen ari da Jaurlaritza. Horixe litzateke Bergarako planta hau. Uztailean udalak baimena eman zion proiektuari, baina azaro hasieran baimena baliogabetu zuen, enpresak hasieran aurkeztutako asmoak adierazitakoarekin bat ez zetozela iritzita.
Pirolisiaren bidez tratatuko lituzke paper hondakinak planta honek, eta horrek eztabaida ekarri du. Ingurumen eta hondakinen tratamenduaren gaia lantzen duten eragile nagusienen esanetan, Europako Zero Zabor edo Greenpeaceren ustez adibidez, pirolisia errausketarena moduko tratamendua litzateke. Oraintsu arte, udalaren baimena giltzarri zen horrelako jarduera bati ateak irekitzeko edo ez, baina iragan abenduan Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Tapia Legeari esker –Ingurumen Administrazioaren Legea– Jaurlaritzak nahi dituen proiektuak inposatzeko aukera du, udala aurka egonda ere.