EAErako Hezkuntza Legearen oinarria izan nahi duen dokumentua aurkeztu zuen urrian Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean. Sindikatuek eta hezkuntza arloko hainbat eragilek salatu dute dokumentu horretara iristeko prozesua "parte-hartze demokratikoaren aurkakoa" izan dela erabat, "berak erabaki baititu bai edukiak, bai lantaldeen osaketa", eta gainera "oinarrizko hainbat gai kanpoan utzi" dituela. Adostasun zabala lortuko duen benetako prozesu demokratiko berri bat abiatzeko eskatu dute.
Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztu zuen dokumentua izango da Euskal Hezkuntza Legearen abiapuntua, baina hainbat eragile dira dokumentu horri zilegitasunik aitortu ez eta agerraldia egin dutenak: STEILAS, LAB, ELA, EHIGE, CCOO, UGT, HEIZE, Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma, Zubiak Eraikiz, Ikasle Frontea eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforma.
Azpimarratu dute, besteak beste, bereziki esanguratsua dela Jaurlaritzaren dokumentuan segregazioa eta finantzazio ereduaren inguruan aipamenik ez egotea.
Lege berriak, gutxienez, honako puntuak izan beharko lituzke zutabe, aipatu eragileen esanetan:
1. Egungo sistemaren diagnostikoa jasotzen duena.
2. Egungo sare banaketa zalantzan jarri, ituntze unibertsal politika eten eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko konpromisoa izango duena.
3. Eskola publikoa lehenetsi eta aukera berdintasuna bermatuko duen administrazioaren planifikatzeko ardura ezarriko duena.
4. Europako batez besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.
5. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa. Aukera berdintasuna, ekitatea, kohesio soziala eta kalitatea oinarri izango dituena. Egun bizi dugun segregazio egoerei aurre egingo diena.
6. Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.
7. Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen murgiltze eredua ardatz duen hezkuntza eredu bakarra ezarriko duena.
8. Hezkuntza jendartearen zerbitzura jarriko duena eta ez merkatuen zerbitzura.
9. Hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.