EAErako euskal curriculuma izan nahi duen Heziberri2020 planaren barruan, curriculumaren zirriborroa aurkeztu zuen urrian Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza eragileek aztertu zezaten. Horixe egin du Ikastolen Elkarteak eta ondorioztatu du Jaurlaritzaren proposamena ezin dela onartu, “esku artean duguna nagusiki LOMCEren aplikazioa delako”.
Gainerako eragileek ere (EHIGE, ELA, LAB, EILAS, Ikasle Abertzaleak…) esana dute ez dutela bat egiten Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztutako zirriborroarekin, besteak beste Espainiako Estatutik datozen edukiak euskal curriculumean mantentzeagatik edota LOMCEk ezartzen dituen kontrol mekanismoei (kanpo-ebaluazioei) aurre ez egiteagatik.
LOMCEren eduki bera, amaieran “Euskal Herrian” erantsita
Orain, ikastolak ere kritiko agertu dira. LOMCEren edukiak mantentzen ditu Eusko Jaurlaritzaren dekretuak, “amaieran ‘Euskal Herrian’ erantsiz. Kezka hori ‘Euskara eta euskal Literatura’ eta ‘Gizarte Zientziak’ alorretan islatzen da bereziki”, diote.
“Zirriborroan LOMCEren eragina nabarmena dela ikusi dugu, formalki behintzat LOMCEren zenbait muga eta planteamendu zehaztasun gehiegiz onartzen edo islatzen baititu. Gure iritziz, LOMCEk joko zelai mugatu eta zurruna ezartzen duen arren, dekretu zirriborroak bazuen hain zehatza ez izatea”.
Beste hainbat gabezia azpimarratu dituzte; hala nola, argiago ez definitu izana hezkuntza eragileek marko pedagogikoan zehaztu zituzten asmo nagusiak (“euskara ardatz duen eleaniztasuna, hizkuntzen trataera integratu eta integrala, ebaluazioaren planteamendua eta edukia…”) edota konpetentzien ebaluaziorako irizpideak eta adierazleak gehitu ez izana.
Hala, aldaketa ugari proposatu dizkio Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sailari, zirriborroa berridatzi eta Heziberriren bitartez euskal curriculuma garatzeko bideari helduko dion dekretua egiteko aukera badagoela sinetsita.
Euskal Hezkuntza Legea aldarri
Dekretuez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat eskatu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, “lege hori abiaburu izan daitekeelako Euskal Herri mailako hezkuntza sistema propioa eraikitzeko”.
Lege horrek, besteak beste, konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma, euskaran ardaztutako eleaniztasuna eta hezkuntza zerbitzu publikoa indartu eta garatu behar ditu, Tellituren hitzetan.