Itsasontzi batek galdutako milioika ‘pellet’ iristen ari dira Galizia eta Asturiasko itsasertzera. AZTI-ko ikertzaileek kalkulatu dute datozen asteetan heldu daitezkeela euskal kostaldera, eta sortzen duten kutsaduraz ohartarazi dute. Jaurlaritzak itsasoan bildu nahi ditu bolatxoak, kostara iristea saihesteko.
Asteartean Itsasertza alerta plana abiatu du Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren bilkuran, El Diariok jakinarazi duenez. AZTI zentro teknologikoko ikerlariek kalkulatu dutenez, litekeena da korronteen ondorioz datozen asteetan edo hilabete barru plastikozko bolatxo kutsakorrak iristea Euskal Herriko kostara. Jaurlaritzak aurre hartu nahi dio Galizia eta Asturiasko itsasertzetan ‘pellet’ horiek sortutako krisiari, “arriskuak sor ditzakeelako pertsonengan eta ondasun materialetan”, eta Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak astelehenean aurreratu zuenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldera plastikozko bolatxoak iritsi aurretik “ekintza-mekanismoak” diseinatzen dihardute; Josu Erkoreka lehen lehendakariordea eta Segurtasun sailburua da krisi mahai honen burua, El Diariok jaso duenez.
Planaren helburua da saihestea bolatxoak itsasertzeraino iristea, eta aldez aurretik itsasoan bertan jasotzea. “Zailtasunak” izango dituztela iragarri dute, bolatxoak dilista baten tamainakoak baitira, batzuetan ia ikusezinak. Itsasotik ‘pellet’ak jasotzeko aurreikusi dute Arrantzaleen Kofradien Federazioekin lankidetzan aritzea, haiek arduratu daitezen. Jaurlaritzak asteartean jakinarazi du posible diren bitartekari eta baliabideak jarriko dituztela ‘pellet’en garbiketarako, eta Gipuzkoa eta Bizkaiako Diputazioekin adostu dute hondartzen garbiketan lagundu beharko dutela, behar izanez gero. Gainera, AZTIri eskatu diote Galiziako eta Asturiasko kostaldean agertutako bolatxo zurien mugimendua monitorizatzeko, etengabe zaintzapean izan ditzaten.
Tapiak azpimarratu du ez dela “inola ere Prestige-ekin konparatzeko modukoa”. Halere, bolatxoen toxikotasuna neurtuko dute, hegazti eta arrainengan izan ditzakeen kalteak ondorioztatzeko, eta elikaduran eragina izango duen jakiteko.
Oihane Cabezas AZTIko ikerlariak Eitb-n azaldu du bolatxoen ondorioz arrainak hiltzen direla: “Arrainen arrautzen oso-oso antzekoak dira eta, horregatik, hegaztiek eta beste arrain batzuek ere irentsi egin ditzakete. Urdailean pilatuta gelditu daitezke, eta asko irentsita, urdailak bete egiten dira eta animalia horiek hil egiten dira, ezin direlako elikatu”. Ingurumenean ere kalteak ditu: “Ingurunean geruza moduko bat sortzen dute, eta hor dauden florak eta ezin du fotosintesia egin”. Cabezasek ohartarazi du ‘pellet’ak txikitu egin daitezkeela, higadura dela eta, mikroplastiko bilakatzen direla, eta kalteak areagotu.
Abenduaren 8an karga galdu zuen itsasontzi batek Portugalgo iparraldean, eta abenduaren 13an plastikozko milioika bolatxo zuri agertzen hasi ziren Ribeiran, Galizian. Astez aste bolatxoak Galiziako eta Asturiasko kostaldera zabaldu dira, eta ekologistek salatu dute gobernuak ez duela behar bezala kudeatu isurketa; Espainiako Ingurumen Fiskaltzak ikerketa abiatu du. Herritar boluntarioak ari dira hondartzetako ‘pellet’ak jasotzen.