argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak alderdien fundazioei emandako diru laguntzen %80, EAJrenarentzat
  • Kultura sailak 2000. urtetik banatutako 7,6 milioi euroetatik sei jaso ditu Sabino Arana Fundazioak. EH Bilduk departamentu horri egindako galdera batek azaleratu du datua.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 04a
Sabino Arana fundazioko kideak, mahai inguru bat aurkezten parte-hartzaileekin batera. (Argazkia: SAF)

Haien funtzionamendua arautzen duen dekretuaren bidez 1,1 milioi euro eta jarduera kulturalengatik 4,9 gehiago jasota, diru laguntza gehien jasotzen duen mota honetako erakundea da Sabino Arana Fundazioa. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak banatutako 7,6 milioietatik sei bereganatu ditu Juan Maria Atutxa sailburu ohiak zuzentzen duen erakundeak. Kopuru guztiaren %80 da.

Jarduera kulturalengatik emandako diru kantitatea Jaurlaritzak EAJren fundazioarekin sinatutako akordio bati dagokio. Hain zuzen, 1936-1979 arteko erbesteko euskal gobernuaren artxiboak zaintzeagatik esleitu zitzaizkion 4,9 milioiak.

Alde nabarmena gainontzeko alderdiekin

Sabino Arana Fundazioak eta gainontzeko alderdien fundazioek jasotakoen artean zabaltzen da arrakala handiena. Hala, PSEren Ramon Rubial elkartea dago bigarren postuan, 900.000 euro bereganatuta. Sozialistek langile mugimendua aztertzera bideratu dute diru hori. Alderdi Popularraren euskal ikasketen sailak, aldiz, 348.000 euro jaso ditu.

Atzerago daude Ezker Batuaren eta Sorturen fundazioak. Lehendabizikoei 163.000 euro eman dizkio Kultura sailak, eta alderdi abertzalearen Iratzar elkarte sortu berriak 56.282 bildu ditu bere estreinako urtean.