argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak aldatu egingo du tabernetan kontzertuak mugatzeko araudia, protesten ondoren
  • Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak aldatu egingo du tabernak urtean 12 kontzertu ematera mugatu nahi zituen araudia. Urgentziazko tramitazioa egingo dute, protestak eragin dituen neurria aldatzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko martxoaren 22a
Arteak Ireki plataformako musikariak agerraldi batean.

Tabernetan urtean eman zitezkeen kontzertuak 12ra mugatzeko neurria iragarri bezain laster ezinegona eragin zuen musikarien artean eta Arteak Ireki plataforma ere jarri zuten abian, erabakiaren aurka protesta egiteko.

Jaurlaritzak, protesta horiek ikusita eta EUDELekin bildu ostean, 12 kontzertuko muga kentzea erabaki du EITBren arabera.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriak biltzen dituen erakunde horretatik etorri zen, berez, tabernei kontzertuak antolatzeko muga jartzeko eskaria Jaurlaritzako iturrien arabera.

Arteak Ireki plataformak albistea ontzat jo du. “Arretaz jarraituko dugu hau guztia egikaritzen den arte. Debekua ezabatzeko bidea hasi duten bezala, amaiera eman diezaiotela guzti honi”, adierazi dute Facebook bidez.

Horrekin batera, larunbat honetan (martxoak 23) egitekoak ziren aldarrikapen egunak bere horretan jarraituko duela iragarri dute.