Europako Batzordeak ezarri nahi zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea atzeratzea txalotu du Arantxa Tapiak: "Lehenago edo beranduago hartu beharreko erabakia zen".
Asteartean Europar Batasuneko industria ministroek erabaki garrantzitsua hartu zuten, automobilgintza industriari eta klima larrialdiari eragingo diona: Euro 7 araua indarrean jartzeko epea atzeratuko dute, autoen kutsadura atmosferikoa murriztea helburu duena.
Ibilgailu arinen kasuan 2025. urtetik 2027ra eta astunen kasuan 2027tik 2029ra malgutu dute epea. Horrek esan nahi du, 2034ko abenduaren 31ra arte saldu ahal izango direla Euro 7 araua betetzen duten autoak, eta horietako askok XXI. mendearen bigarren erdialdera arte jarraituko dutela errepideetan.
2034ko abenduaren 31ra arte saldu ahal izango dira Euro 7 araua betetzen duten autoak, eta horietako askok XXI. mendearen bigarren erdialdera arte jarraituko dute errepideetan
Automobilgintzako lobbyak presio handia egin du araua atzeratzeko, eta horrekin batera erakunde eta gobernuek ere bai. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak agerraldia egin du asteartean bertan, erabakia baloratzeko, eta aitortu du "aktibo" egon direla norabide horretan presioa egiten, Europako beste eskualde eta Espainiako Estatuko beste erkidego batzuekin batera.
"Nolabait, Europari aipatu diogu zer garrantzitsua den sektorea hainbat tokitan eta desindustrializazio bat eman zitekeela; hori guretzat onartezina dela. Hor oso aktibo egon gara", esan du Tapiak.
Sailburuaren aburuz, "oreka konplikatua" da industria eta enplegua mantentzea eta isurketak murriztea; baina "teknologiaren eta ikerketaren laguntzarekin" biak lortu daitezkeela adierazi du: "Gutxiago kutsatuko duten automobilentzako bioerregaiak lortzeko bidelagunak dira".
Era berean, auto elektrikoentzako bateriak ekoizteko Basquevolt proiektua eta EAEn garatzen ari diren beste proiektu batzuk ere aipatu ditu Tapiak.