argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak adierazi die sindikatuei Tubacex prest dagoela jarrera aldatzeko eta langileek bilera eskatu dute
  • Tubacex enpresako langile batzordeak deia jaso du gaur Eusko Jaurlaritzaren aldetik, adierazteko multinazionalaren zuzendaritza prest dagoela akordioa oztopatu zuen paragrafoa aldatzeko.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2021eko irailaren 29a
Argazkia: Aiaraldea.eus

Gaurko eguna modu bizian hasi da Tubacexeko langileentzat. Izan ere, zenbait hedabidek adierazi dute aurreakordioa dagoela grebarekin amaitzeko. Errealitatea, ordea, ezberdina da.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren deia jaso dute sindikatuen ordezkariek eta Administrazioak azaldu die enpresako zuzendaritzak prestutasuna agertu duela aldatzeko akordio eragotzi zuen paragrafoa. Testuaren zati horrek ahalbidetzen zituen kaleratzeak, besteak beste, eta Eusko Jaurlaritzak, enpresak eta sindikatuek abiatutako negoziazio prozesua ezer ezean utzi zuen.

Momentuz, langile batzordeak Eusko Jaurlaritzari bilera egitea eskatu dio. Batzar horretan multinazionalak ere hartuko luke parte eta horrela ziurtatuko lukete iragarritakoa egia dela. Horrela izango balitz, gatazkan dauden aldeen artean adostuko lukete testu berria.

Aurreko negoziazio mahaiaren prozedura jarraiki, sindikatuen batzarretan erabakiko lukete gero langileek akordioa ontzat ematen den edo ez. Hori dela medio, oraindik greba ez dago amaitzeko fasean. Izan ere, langile erakunde guztiek ez dute iritzi bera aurreko akordioari buruz.

Aurreakordiorik ez

Zenbait sindikatuk adierazi diote Aiaraldea Hedabideari Tubacexeko zuzendaritzak berriro jakinarazi diela hedabideei eurei baino lehen multinazionalaren erabakiak.

Hain zuzen, Langile Batzordeak jaso du deia Eusko Jaurlaritzaren aldetik hedabideek aurreakordioa iragarri eta gero.