argia.eus
INPRIMATU
Covid-19aren kontrako plana:
Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu Covid-19ren ondorioei aurre egiteko, gehiena enpresentzako abalen bidez
  • Iñigo Urkulluren exekutiboak asteartean egindako gobernu kontseiluaren ostean iragarri du koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko "talka plana". Osasun sistema indartu, familiei laguntza eman eta enpresa txiki eta autonomoek likidezia izatera bideratuko dute 841 milioi euroko diru-poltsa

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 25a
IƱigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Nekane Murga Osasun sailburua (arg: Irekia)

Eusko Jaurlaritzak bi aste daramatza iragartzen diru-poltsa bideratuko duela Covid-19ari aurre egiteko. Martxoaren 11n 300 milioi euroko partida baten berri eman zuen, 500 milioi euroraino igotzeko aukerarekin. Eta horrez gain, beste 500 milioi euro bideratu zitzakeela ere adierazi zuen, enpresentzako abal moduan.

Astearte honetako gobernu kontseiluaren ostean, Urkullu lehendakariak "talka plan" horren xehetasun gehiago eman ditu. 841 milioi euroko diru-poltsa izango da oraingoz. Hortik 200 milioi euro osasun sistema indartzeko izango dira, eta beste 54 milioi familiak laguntzera: haurreskoletako fakturazioa etengo du, langabetuek babes ofizialeko alokairuak ez dituzte ordaindu behar izango apirila eta maiatzean; eta gizarte larrialdietarako laguntza handitu egingo du 16 milioi eurotan, besteak beste.

Plan horren zati handiena, 568 milioi euro, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzeko izango da. Tartean, autonomoek kotizazioak ordaintzeko, tokiko elikadura enpresa txikiei bultzada emateko –ostalaritzaren itxierak kolpe handia eragin du sektore horretan–, osasun arloko I+G garatzen duten enpresentzako, eta abar.

Enpresentzako abalak

Enpresentzako azkeneko partida honen diru zati handiena ordea, 500 milioi euro, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean emandako abalak izango dira; bost urteren ondoren itzuli beharko dute dirua enpresek, baina interesik ordaindu gabe. Horretarako Elkargi eta bankuen arteko hitzarmena formalizatuko da datorren astean.

Urkulluk azaldu duenez,dirua aurreko urteetako etekinetatik aterako da hein batean, baina batez ere Eusko Jaurlaritzak zorpetzeko duen "gaitasunetik".