2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eta hortik 1.642,4 milioi zuzenean Jaurlaritzak jarriko ditu: 1.569,7 milioi EHUri, 40,2 Deusturi eta 32,4 Mondragon Unibertsitateari.
Urtez urte, unibertsitate pribatuen finantzaketa gora ari da. Aurreko planarekin alderatuta, Jaurlaritzak 231 milioi euro gehiago jarriko ditu, %16 gehiago. EHU unibertsitate publikoan ere, aurreko planean baino %16 gehiago inbertituko du, Deustuko unibertsitate pribatuan %23 gehiago eta Mondragon unibertsitate pribatuan %15 gehiago.
Jaurlaritzaren ekarpen zuzenaz gain, beste 603,8 milioi euro gehiago aurreikusten ditu administrazioak unibertsitateentzat, "finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez".
Aurkeztutako planak hiru ardatz nagusi ditu:
Batetik, “Unibertsitatea+Enpresa eta unibertsitatea-gizartea harremanari bultzada, unibertsitateen ahaleginak bideratzeko indar traktore gisa, Euskadiren aurrerapena eta gizarte eraldaketa xede, eta Euskadiren beharrei erantzuteko”; bestetik “Euskal Unibertsitate Sistema bikaintasun-zientzia globalaren testuinguruan kokatzea eta finkatzea”; eta azkenik, Unibertsitatea+Euskadi Basque Country deiturikoa: “Prozesu hau unibertsitatearen misio guztietara hedatzen da, eta, horrez gain, gure gizarteak unibertsitate-sistemaren bidez beste gizarte batzuekin duen harremana sustatzen du”. Horiekin batera, Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa eta Unibertsitate Komunitate Inklusiboa eta Berdintasunezkoa ardatzek osatzen dute plan berria, eta zeharkako bi ardatz ere nabarmendu dituzte: Digitalizazioa eta Gizarte-eragina.