Eusko Jaurlaritzak uztailaren 5ean egindako Gobernu Bileran erabaki zuen Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez 15.000 euroko diru-laguntza ematea Elkano Fundazioari.
Diru horrekin urrian nazioarteko kongresu bat antolatuko dute, “Mundubirak ekarri zituen aurrera pauso eta aurkikuntzetan” sakontzeko asmoa duena.
Elkanoren “zirkumnabigazioarekin harremana izan zuten hainbat herrialdetako ikerlariekin elkarlanerako sare egonkorrak sortu nahi ditu” kongresuak, fundazioak azaldu duenez. Duela bost mendeko mundubirarekin lotuta egin diren jarduerei bukaera emango die, Jaurlaritzaren arabera.
Jaurlaritzak lehenago ere erabili izan du diru-laguntza zuzenen bidea Elkano Fundazioarekin: iazko abenduan 25.000 euroko laguntza eman zion mundubira ardatz zuen bizikleta-ibilbide bat sortzeko. “Kultura eta kirola nahastuz, interesa duen edonork gure historia eta kultura ezagutzeko eta kirol-jarduera bat egiteko aukera izan dezan” eman zuten laguntza hori, EAEko Gobernuaren arabera.
2019ko urrian berriz, Jaurlaritzaren beste Gobernu Bilera batean 63.225 euroko laguntza eman zioten fundazio horri, antolatu dituen hainbat ekitaldi babesteko –hitzaldiak, dibulgazio-erakusketak, itsas-ibilaldi bat eta jardunaldi gastronomiko bat aipatu zituzten, besteak beste, laguntzaren berri eman zuen prentsa-oharrean–.
EAEko Gobernua bera, Gipuzkoako Foru Aldundia, Getariako Udala eta Urola Kosta Udal Elkartea dira 2017an eratu zen erakunde horretako patronatuko kideak.