Energia elektrikoa hornitzeko Jaurlaritzak Iberdrolaren proposamena onartu du, datozen bi urtetarako. Aurten iaz baino %75,9 gehiago ordaindu dio energia enpresari, honek inoizko irabazirik handienak lortu dituen bitartean. Hala ere, EAJak duela hilabete presio egin du Espainiako Gobernuak enpresa handien zergak jaitsi ditzan.
Eusko Jaurlaritzak Iberdrolarekin akordioa lotu du Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoak energia elektrikoz hornitzeko, kontratazio zentralizatuaz: 2023 eta 2024an, urteko 129 milioi ordainduko dizkio Jaurlaritzak energia enpresari, iazko kopuruaren bikoitza. Hordago-El Salto-n Ahoztar Zelaietak jakitera eman duenez, argindarraren prezioak goia jo duen urte honetan, Lakuako gobernuak 91,7 milioi euro gehiago bideratu ditu energia gastuetara, Iberdrolak inoizko irabazi handienak lortu dituen bitartean.
Euskadiko Energia Jasangarritasunaren legea dela-eta, Eusko Jaurlaritzak urrian onartu zuen energia elektrikoaren hornidurarako kontratazio zentralizatua egitea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetarako. Azaroaren 28an lotu du Iberdrolarekin akordioa datozen bi urtetarako. Ignacio Sanchez Galan enpresaren presidenteak adierazi du ez dituela prezioak jaitsiko 2025era bitartean.
Azken urtean nabarmen igo da energiaren prezioa, eta Jaurlaritzak % 75,9ko kostu igoera hartu zuen bere gain aurreko kontratuarekin alderatuta; hau da, 2020an baino 55 milioi gehiago. Hortaz gain, 36,7 milioi euro gehiago bideratu ditu 2022ko kostuak ordaintzeko kreditura. Bitarte horretan, Iberdrolak 3.104 milioiko irabaziak izan ditu aurten, iaz baino %29 gehiago.
Eusko Jaurlaritzatik urteko 73 milioi lortu ditu Iberdrolak 2020az geroztik. Urte hartan, azken kontratua adostu zutenean, 156,8 milioi euro bildu zituen EAEko administrazio publikotatik. Jaurlaritzako 73 milioiez gain, 83,8 milioi lortu zituen Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundietatik, udaletatik eta beste erakunde publiko ugaritatik.
Hordagok, bestalde, gogorarazi du pasa den azaroan Espainiako Gobernuak enpresa handiei zergak jaitsi zizkiela EAJren zuzenketa batek hala eskatu zuelako. “2019an Iberdrolak irabazien %1,3 eman zuen zergetan, baimendu egiten diotelako; energetikaren aliatu nagusiak dira lehendakaria eta ahaldun nagusiak”, salatu zuen ELAk iaz. Halaber, aurreko urtean, EAJren presiopean Espainiako Gobernuak atzera bota zuen argindarraren prezioa mugatzeko neurria.
EH Bilduk hamabost kasu salatu ditu non EAJko politikariek enpresa handietan amaitzen duten; Iberdrolan edota Repsolen, besteak beste. Halaber, Elkarrekin Podemoseko Juantxo Lopez de Uraldek, Energia Trantsiziorako Batzordeko presidenteak, adierazi zuen EAJ dela Espainiako Estatuan ate birakari gehien dituena, Kongresuan duen ordezkaritzarako.