argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu zahar etxeetan, gaurko greba egiteko eskubidea galeraziz
  • Otsailaren 6an greba deitua dute LAB eta ELA sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, Gipuzkoako zahar etxeetan. Bi sindikatu hauek salatu dute Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak %100ekoak ezarri dituela eta beraz, greba eskubidea ukatu diela 5.000tik gora langileri. Greba egunean borrokarako eta 11:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan senide eta pentsiodunekin batera egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 06a
Argazkia: LAB sindikatua.

Kargua estrainatu berri duen Idoia Mendiak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko argudiatu du greba egiteak gainerako eskubideekin talka egiten duela. LAB sindikatuak zera erantzun dio: "Egungo pribatutasun eredua dela herritarren gainerako funtsezko eskubideekin talka egiten duen bakarra. Zehazki, mendekotasun-egoeran dauden pertsonek eta hirugarren adinekoen egoitzetako erabiltzaileek kalitatezko zerbitzua jasotzeko duten eskubidearekin eta langileek beren osasunerako arriskurik gabeko eta baldintza duinetako zerbitzua emateko duten eskubidearekin talka egiten duen bakarra".

ELA sindikatuak zera adierazi du: "Aldundiak, enpresek edo Eusko Jaurlaritzak benetan beren erantzukizunaz arduratzeko asmoa izango balute, gutxieneko zerbitzuak % 200ekoak izango lirateke, baina ez greba-egunean, urte osoan zehar baizik". Salatu du "sumingarria" zaiola "erakunde publikoak enpresa pribatuen interesen mende jartzea, era guztietan".