Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu du Eusko Jaurlaritzak TTIP hitzarmenari buruz duen jarrera, EH Bilduk egindako agerraldi eskaeraren ondorioz. Sailburuak esan du akordioa ona izango dela enpresa ertain eta txikiei mesede egin diezaiekeen heinean, baina Jaurlaritza ez dela haren alde izango Europako Batzordeak esplizitatu dituen marra gorriak zapalduz gero.
Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean egin du agerraldia Toñak, EH Bilduk eskatuta. Zehazki, talde abertzaleak TTIPek EAEko gizartean eduki lezakeen eraginaz azalpenak emateko galdatu dio sailburuari. Angel Toñak erantzun du oso zaila dela hori iragartzea, informazio gutxi zabaldu delako EB eta AEBak negoziatzen ari diren akordioaz.
Zentzu horretan, bi aldeek gardentasun handiagoz jokatzea ona litzakeela adierazi du sailburuak, eta gogorarazi du Europako Eskualdeen Batzordeak [horren barruan Jaurlaritza dago] agertu izan duela negoziazioen opakotasunari buruzko kezka.
Toñaren ustez, TTIP ez litzateke onargarria Europan ezarrita dauden zenbait printzipio errespetatzen ez baditu. Besteak beste, lan baldintza egokiak, langileen diskriminazio eza, hitzarmen kolektiboak eta elkarrizketa soziala aipatu ditu “gainditu ezinezko” marra gorrien artean”, eta gaineratu du Europako Batzordeak argi utzi duela honezkero jarrera hori defendatuko duela TTIPen negoziazioetan. Gogoan hartu behar da AEBek ez dituztela berretsi Lanaren Nazioarteko Erakundeak langileen eskubideez onartutako hainbat hitzarmen.
Toñaren jarrerarekin bat egin du EAJren izenean hitz egin duen Aitor Urrutia legebiltzarkideak. Haren esanetan, jeltzaleek ez dute TTIP babestuko akordioa txarra bada, baina gehiago jakin arte negoziatzaileengan konfiantza izango duela gehitu du. “Euskadiko ekonomiaren oinarria enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira eta haiek dute TTIPen beharrik handiena, ez multinazionalek; izan ere, ETE askok agertu dute honezkero akordio hori sinatuta ikusteko nahia”, gehitu du.
Lehenago Toñak egin bezala, Urrutiak azpimarratu du AEBak direla EAEko esportazioen hirugarren hartzaile nagusia, eta ondorioz merkataritzarako aukerak handitzea dakarren akordio bat oso mesedegarria izango litzatekeela haientzat.
Agerraldi eskaria egun duen EH Bilduren izenean, Oskar Matutek esan du badagoela TTIPen ondorioez aurreikuspen gehiago egiterik Toña sailburuak aitortu duena baino. “Era horretako beste akordioak dagoeneko indarrean egotearen abantaila daukagu; ikusi dugu, esaterako, zer ondorio negargarriak izan dituen Ipar Amerikako NAFTA hitzarmenak Mexikorentzat, baita AEBak eta Kanadako langileentzat ere”.
Matutek berriki Greenpeacek zabaldutako filtrazioak ere izan ditu hizpide. “Esan izan da dokumentu horietan ageri dena alde bakoitzaren aurretiazko posizioak besterik ez direla, baina ez da hala; honezkero adostutako testu batzuk ere badaude, eta horietan ikus daiteke, besteak beste, Europak aipatzen dituen marra gorri horiek gorri izateari utziko diotela behin gai horri buruzko akordioa lortuta. Hau da, erdibideko jarrerak hartu ahal izango direla”.
Gardentasunaz den bezainbatean, Matutek negoziatzaileen ezkutukeria kritikatu eta aldi berean prozesuarekin bat egitea leporatu die bai Jaurlaritzari bai EAJri.