argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritza prest dago Ekondakin zigortzeaz hitz egiteko, Artaxoako hondakin ilegalengatik
  • Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko irailaren 05
Imanol Pradales (Eusko Jaurlaritza) azalpenak ematen MarĂ­a Chiviterekin (Nafarroako Gobernua) bildu ostean. Argazkia: Irekia

Imanol Pradales eta María Chivite EAEko eta Nafarroako lehendakarien arteko asteazkeneko bileraren ostean, Pradalesek iragarri du bi gobernuetako ordezkariak biltzeko “borondatea” dagoela, aztertzeko Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin sozietateak zigorrik jaso behar ote duen, Artaxoako zabortegira eramaten zituen hondakin ilegalengatik. Hala jaso du EFE agentziak.

Nafarroako Gobernuak Artaxoako planta ixteko agindua eman du eta hura kudeatzen duen Ecofert enpresari 100.000 eurotik gorako isuna jarri dio jadanik. Era berean, Jose Mari Aierdi Ingurumen kontseilariak Nafarroako Parlamentuan ekainean egindako agerraldi batean azaldu zuen Eusko Jaurlaritzari eskatu diola Ekondakinekin gauza bera egiteko eta zigor espedientea irekitzeko.

Zubietatik Artaxoara milaka tona lixibiatu eraman zituzten 2022. eta 2023. urteen artean, nahiz eta erraustegiak ez duen lixibiatuak sortzeko baimenik, ezta Artaxoako zabortegiak horiek jasotzeko ere. Horretarako “lohiak” balira bezala eraman zituzten, beste LER kode bat jarrita. Eusko Jaurlaritzak, gainera, ez zuen karakterizazio horren berri.

Auzia Donostiako epaitegi batek darama bide penaletik, Gipuzkoako fiskalburuak salaketa jarri ostean. Duela urtebete EiTBk jaso zuenez –GuraSOS elkartearen informazioetan oinarrituta–, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu José Ignacio Asensio ikertzen ari zen epaitegia auzi horren barruan.

Pradalesek argitu du Zubietatik Artaxoarako hondakin likidoen garraioaren inguruan hitz egiteko izango litzatekeela gobernu arteko bilera, baina onartu du gaia “teknikoki labainkorra” eta “konplexua” dela, Eldiario.es-en irakur daitekeenez.