Euskararen normalizaziorako dekretu berria onartzekotan da Jaurlaritza, eta helburua da “euskara zigor eta oztopo gisa ez ikustea” lanpostu publikoetan. Neurrietako bat da hizkuntza eskakizuna lortzeko aukera izango dutela lanpostuan euskara “modu frogagarrian” erabiltzen dutenek.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko 86/1997 dekretua ezarri zuten duela 26 urte. Orain eguneratu du araua Eusko Jaurlaritzak; astearteko gobernu bileran onartzekotan ziren, baina Iñigo Urkulluren senide baten osasun arazoengatik bilkura atzeratu dute. Espero da asteazkenean aurkeztea dekretu berriaren edukia, Donostiako Tabakaleran, EiTB-k jakinarazi duenez.
EAEko sektore publiko guztiko lanpostuei eragingo die, eta azpikontratatutako enpresetako langileei ere bai –langileak euskalduntzeko ardura hartu beharko du kontratatzaileak, gutxienez–. Salbuespenak daude, halere. Hizkuntza eskakizuna betetzeko aukerak “malguago eta errazago” jartzea da legearen helburua. “Atxikimenduarekin dagoen arazoaren” aurrean, “euskara zigor eta oztopo bezala ez ikustea” lortu nahi du Jaurlaritzak, EiTB-k jaso duenez. Euskararen erabilera sustatzeko helburua du dekretuak, betiere “gaztelaniaren kaltetan izan gabe”, El Diario Vascon azpimarratu dutenez.
Hizkuntza eskakizuna lortzeko bide gehiago zabalduko dituzte: lanpostuan euskara “modu frogagarrian” erabiltzen duenak eskakizuna eskuratzeko aukera izango du; oposizio azterketa euskaraz eginda, aparteko euskara azterketarik edota ziurtagiririk gabe, hizkuntza eskakizuna lortzea posible izango du. Beste berrikuntzetako bat da oposizioa euskaraz edo azterketaren zati bat euskaraz egitea eskatu ahalko duela administrazioak, lanpostu hori betetzeko behar izanez gero. Baldintzak zein diren argitzeke dago oraindik, baina dekretuak jasotzen duenez, tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera moldatuko dira betekizunak.
Bestalde, hizkuntza eskakizuna desberdina izan liteke ahoz edo idatziz, “lanpostuaren beharren arabera” maila desberdina eskatuko da batean edo bestean. Profil linguistiko asimetrikoak deitu diete horiei. Profil simetrikoak izango dira ahoz eta idatziz maila bera egiaztatu beharko dutenak.
Euskararen normalizaziorako dekretuak zenbait salbuespen jasotzen ditu, administrazio publikoan lan egiteko hizkuntza eskakizunik bete beharko ez dutenak. Ondorengo hauek dira: 45 urtetik gorakoak; hezkuntza maila jakin bat ez dutenak –Batxilergoa, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza–; “euskara ikasteko zailtasuna duten” eta desgaitasunen bat duten pertsonak; helduei zuzendutako prestakuntza-programen bidez hizkuntza bat ikasteko “trebetasun gabezia nabarmena eta egiaztatua” duten pertsonak.
Legeak hamar urteko epea zehazten du herritarrei euskarazko arreta bermatzeko. Halere, jakiteke dago ea dekretua betearazteko zein bide zehaztu diren, eta zein oztopo izango dituen, kontuan hartuta azken urteko euskararen aurkako oldarraldi judiziala. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak osatu du dekretua, eta ziurtatu du zirrikitu judizialik gabeko testua egin nahi izan dutela.