argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritza Janssen enpresa farmazeutikoarekin bildu da
  • AEBetako Janssen farmazeutikak eskatuta egin dute bilera martxoaren 1ean Eusko Jaurlaritzan eta beraien txertoa Europan baimentzeko prozesua zertan den azaldu diete. Jaurlaritzaren hitzetan, lehen bilera horrek "Osasun Sailak eta Janssenek lankidetzan jardun dezaten" balio izan du.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 02a

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui eta Janssen farmazeutikak Espainian eta Portugalen duen Luis Diaz Rubio zuzendaria elkartu dira bileran. Baita Osasuneko sailburuorde José Luis Quintas eta Farmaziako zuzendari Iñaki Betolaza, eta Janssenen aldetik, Garapen eta Gobernantza zuzendari David Beas, Erakunde Harremanetarako zuzendari Ramón Frexes eta Erakunde Harremanetarako Arloko zuzendari Lander Sáez.

Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, "txertoa Europan baimentzearen egoerari buruzko informazioa eguneratzeaz gain, ikerketarekin, produktu berrien garapenarekin edo topaketa-foroekin lotutako beste gai batzuk landu dira, Osasun Sailak eta Janssenek lankidetzan jardun dezaten".

%66ko eraginkortasuna duen txertoa baimenaren zain

Otsailaren 19an aurkeztu zion Janssen farmazeutikak OMEri dosi bakarreko bere txertoa zerrendan sartzeko eskaera. Aurkeztutako datuen artean, hirugarren faseko entsegu klinikoaren emaitza probisionalak zeuden, eta horien arabera, COVID-19aren aurrean %66ko eraginkortasuna izango luke. Prozedura azkar honen bidez, gobernuek ebaluatu dezakete botika berri edo lizentziarik gabeen erabilera emergentziek iraun bitartean, produktu hauek eskuratzeko denbora azeleratuz.

Espero da martxoaren 11n gomendatuko duela Europako Medikamentuen Agentziak txerto honen erabilera.

Janssen bakuna: albo-ondorio gehiago gazteetan zaharretan baino

Medikamentuen eta Elikagaien Erakundeko (FDA ingelesezko sigletan) aholkularien txostenaren arabera, entseguetan parte hartu zuten 18-59 urte bitartekoek albo-ondorio gehiago izan zituzten 60 urtetik gorakoek baino. Redaccion medica hedabideak jasotzen duenez, 18-59 urte bitartekoen %44,4k buruko mina izan zuen eta 60tik gorakoen 30,4k. Eta nekea da eragin duen beste albo-ondorio nabarmenetakoa: 18-59 urte bitartekoen %43,8ri eta 60 urtetik gorakoen %29,7ri. Giharretako mina izan zuen 18-59 adin tartekoen %39,1ek eta 60 urtez gorakoen %24k. Oka egiteko gogoa eta sukarra dira beste albo-ondorio batzuk, ziztada jaso duen zonaldean hanturak eta eritemak izatearekin batera.

Albo-ondorioei aurre egiteko analgesikoak hartu zituzten 18-59 adin tartekoen %26,4k eta 60 urtez gorakoen %9,8k.