argia.eus
INPRIMATU
“Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan”
  • Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio honekin Eusko Jaurlaritza zein Espainiako Gobernua pertsonai honen inguruan zabaltzen ari diren errelatoa eta diskurtsoa zalantzan jarri nahi ditugu, ikuspegi kritiko eta eraikitzaile baten bultzadarekin".

ARGIA @argia 2022ko irailaren 06a
Hainbat eta hainbat lagun bildu da Gasteizen, herri ekimenak deituta (argazkia: ARGIA)

Gasteizko herri hekimenak deituta elkarretaratzea egin dute astearte eguerdian, irailaren 6an Juan Sebastian Elkanok mundiari bira eman ziola-eta jai egunaren harira. Hainbat eta hainbat lagun bildu da, batez ere saharar komunitateko kideak, eta haietako batek bere testigantza ere eman du, saharar herriaren historia eta jasandako errepresioa azaltzeko.

Elkarretaratzearen ostean, deitzaileetako batek ARGIArekin hitz egin du, eta azaldu du ez zutela egun hau "besterik gabe" igarotzerik nahi: "Ez dugu nahi gure historia Elkano eta antzeko pertsonaiengan zentratzerik. Euskal Herri dekolonial baten alde elkartu eta lan egin nahi dugu", adierazi du.

Gaiaren ikuspegi hau helarazi du, bestalde, Gasteizko herri ekimenak, hedabideetara bidalitako oharrean: "Ez gara gutxi ez Eusko Jaurlaritzak asmatutako errelato honen bidez mendeetako zapalkuntza eta ustiapena txuritu ta zilegiztatu nahi duela pentsatzen dugunok, Juan Sebastian Elkano euskaldun kosmopolita, jator eta abenturazale moduan aurkeztuz. Guk Colónek, Elkanok eta enparauek hasitako eta gaurdaino irauten duen menderakuntza aroa agerian jarri nahi dugu".

Aro hartan, alegia, aro honetan, euskaldunok menderatuak eta menderatzaileak izan gara eta gara aldi berean. Eta Frantziar zein Espainarren aldetik jasaten dugun zapalkuntzatik libratu nahi dugun eran, jasanarazi eta jasanarazten dugunaz libratu nahi dugu, bai ala bai soilik hortik pasatu ahalko baita guztiok amesten dugun guztion etorkizun askea".