argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Jaurlaritza, espetxeez faltsukerian?

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko azaroaren 28a
Artolazabal sailburua Basauriko espetxean, 2021eko urriaren 1ean, Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuela irudikatzeko ekitaldian. Argazkia: Irekia.

Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu eta urtebetera, egindako bidearen balorazio oso baikorra egin du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, azaroaren 16an: “Pauso azkarrak, luzeak eta seguruak eman ditugu”.

Jaurlaritzak helburu nagusi bat ezarri zion bere buruari eskumena hartzean: presoen %40 egotea 3. graduan, erregimen irekia delako birgizarteratze datu onenak ematen dituena. Irailaren 26an, Zaballako Arabako espetxean, Artolazabalek nabarmendu zuen bere sailaren lanari esker helburu horretatik “oso hurbil” gaudela EAEko espetxeetan. Datu zehatzik ez zuen eman, ordea.

"Urtebeteko epea estuegia da, akaso, egindako lana epaitzeko. Baina zintzotasuna, datuak ez bihurritzea eta errealitatea ez desitxuratzea, gaurdanik exijitu beharreko zerbait da"

Sailburuak azaroan Legebiltzarrean emandako datuen arabera, 1.562 preso daude Basauri, Martutene eta Araba espetxeetan, eta horietarik 441 daude 3. graduan. Kopuru horiek hartuta, matematikak dio %28,2koa dela 3. graduan dagoen preso kopurua. Jakina, subjektiboa da %40ko helburuarekiko 11,8 puntuko aldea (%29,5) “oso hurbil” egotea den edo ez, baina beste datu batek lagundu dezake neurria hartzen: Espainiako Espetxe Erakundearen datuen arabera, 2021eko urrian, Jaurlaritzak eskumena hartzean, %27,03 ziren 3. graduan zeuden presoak. 1,17 puntuko igoera, beraz. Ez dirudi hain baikorki baloratzeko moduko datua. Agian Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartzen behin-behinean preso dauden 181 pretsonak portzentajeak ateratzeko orduan. Ez litzaidake zuzena irudituko, presoak baitira finean, epaiketa edo kondena gabe preso gainera, baina kontuak horrela aterata %31,93 lirateke 3. graduko presoak egun, eta 2021eko urrian eskumena hartzean, %31,22. Hau da, %40ko helburuarekiko aldea gutxiago litzateke, 8,07 puntu, baina aurrerapena are mantsoagoa, 0,71 puntuko igoera –eta %31tik %40ra pasatzea ez da horren erronka handia–. Berriz ere: ez dirudi hain baikorki baloratzeko moduko datua.

Zerrendatu zituen lorpenen artean, honako hau ere azpimarratu zuen Artolazabalek: urtebetean Jaurlaritzak hamabi etxebizitza “gaitu” dituela ziurtatu zuen, “100 presori” aukera ematen diotenak zigorra espetxetik kanpo betetzeko: sei Araban, hiru Gipuzkoan eta hiru Bizkaian. Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera ez dut ezagutzen. Baina, Arabari dagokionez, etxebizitza horiek funtzionamenduan zeuden jada Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa hartzerako. Aldea da lehen Aldundiaren ardurapekoak zirela, eta eskumenaren transferentziarekin Jaurlaritzak hartu dituela bere gain. Jaurlaritzak ez du Araban bederen etxebizitza berririk “gaitu”, “gaituta” zeuden aurretik.

Zailtasun propio eta heredatuak ez dira gutxi, eta urtebete epe estuegia da, akaso, epaitzeko “pertsona zentroan” jarri nahi duen “euskal espetxe eredu” berriaren ezarpena –bide batez, horra oximoron borobila: “pertsonan zentratutako espetxea”; hala ere, denak eraitsi bitartean, ongi etorriak espetxeak presoentzako bizigarriago egiten dituzten neurriak–. Baina zintzotasuna, datuak ez bihurritzea eta errealitatea ez desitxuratzea, gaurdanik exijitu beharreko zerbait da.