argia.eus
INPRIMATU
Jaume Sastrek 40 egun gose greban daramatza katalanezko hezkuntzaren alde
  • Balear uharteetan 40 egun egin ditu gose greban Jaume Sastre irakasleak, hango gobernu autonomoari eskatuz aldatu dezala bertako hizkuntza den katalanaren egoera okerragotzen duen lege berria.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko ekainaren 16a
Jaume Sastre TV3ek elkarrizketaturik gose greban 36 egun betetzean egun

Medikuek ohartarazi diote hemendik aurrera osasunean kalte larriak eduki ditzakeela eta alde guztietatik iristen zaizkio eskariak ekintzagatik eskerrak ematearekin batera bizia salbatzeko greba utzi dezan.

Llucmajor herriko institutuko irakasle den Jaume Sastrek elkartasun mugimendu zabala eragin du katalanez mintzatzen diren lurralde guztietan barrena, baina ez du lortu Jose Ramon Bauza lehendakari duen PPko gobernuak mugimendurik txikiena egiterik.

Joan den larunbatean bertan, katalanak orain arte eskolan eduki duen nagusitasuna defenditzeko Bartzelonan manifestazio erraldoian bildutako dozenaka milaka lagunek omendu zuten Sastre. Vilawebeko editorialean ("L'home que amb la seua fam ha alimentat la llengua") Vicent Partalek laburbildu du katalanaren normalizazioaren alde ari direnen pentsamendua:

"Berrogei egunotan Sastrek bere gosearekin elikatu du denon hizkuntza. Berreskuratu digu harrotasuna, lurralde bakoitzaren gainetik hizkuntza bat eta denona delako harrotasuna. Larunbatean Som Escola mugimenduaren manifestazioan goretsi zuten. Atzo oroitu zuten Elxen [Valentziar komunitatean] Escola Valencianaren denboraldiko azken elkarretaratzean (...) Jaume Sastre arrisku handiko sakrifizio pertsonala ari da egiten. Uste dut heldu dela ordua esateko geldi dezala ekintza. Ezin dugu baimendu hura hiltzea. Ez du merezi Bauzak eta ez dugu nahi egun luzeotan lagundu diogun guztiok".

Astelehen goizean bilduta dago Jaume Sastreren inguruko krisi batzordea medikuen iritzia entzun ondoren grebalariarekin hitz egin eta bere iritzia publikoari jakinarazi aurretik. Mezu uholde bat sentitzen da sare sozialetan Sastreri ahalegina eskertzearekin batera greba bukatu dezala eskatzezko. Irakasleak Twiterren @vagadefam kontutik bidaltzen ditu mezuak.