Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.
1901etik indarrean den Australiako Konstituzioan aborigenak aintzat hartzeko gobernuaren proposamenari uko egin diote australiarrek larunbat honetan. Herritarren %78,67ak eman du bozka, ia 14 milioi lagunek, eta gehiengo zabala aurka agertu da Australiako jatorrizko herriak konstituzioan ofizialki aintzat hartu eta haientzat aholku kontseilu parlamentarioa ezarriko zukeen zuzenketa. %40ak alde bozkatu du, ia bost milioi eta erdi lagunek, baina kontrakoak %60 baino gehiago izan dira, 8.300.000 bozka inguru. Herrialdeko estatu guztietan ezezkoa gailendu da, eta ezinezko bihurtu du proposamena onartua izatea, hauteskunde-legeak garaipen bikoitza eskatzen baitzuen, bai nazio mailako botoetan baita estatuetan ere: seitik lautan irabazi behar zuten gutxienez. Aurtengo martxoan egindako inkestek zioten australiarren hiru laurdenek baiezkoa bozkatuko zutela. Ez zuten batere asmatu.
Zuzenketaren helburu nagusia Australiako jatorrizko herriei ahotsa emango lieken batzorde bat sortzea zen. Batzorde horrek Gobernuari eta Legebiltzarrari aholkularitza independentea eskainiko lioke jatorrizko herriekin lotutako gaietan. Halaber, erabakiak hartzerakoan parte-hartze handiagoa izateko aukera emango zien. Australiak dituen 26 milioi biztanleen % 3,8 jatorrizko herritarrak dira.
Egungo lehen ministro Anthony Albanesen hauteskunde promesa zen Konstituzioaren zuzenketa. Emaitza jakin aurretik, zuzenketa “aurrerapauso handia” izango zela adierazi zuen, baina porrota aitortu ondoren esan du “lur jota” dagoela baina "erabat errespetatzen" duela Australiako herriaren erabakia eta hartu duen "prozesu demokratikoa".
Australiako indigenek behin baino gehiagotan adierazi dute egiturazko arazoei aurre egiteko "ezintasuna". Arazo horien artean daude, besteak beste, indigenek gainerako australiarrek baino bizi-itxaropen laburragoa izatea, osasun- eta hezkuntza-maila eskasagoak eta espetxeratze-tasa handiagoak. Australiako Senatua eta Parlamentua osatzen duten 227 kideetatik 11 soilik dira aborigenak.