argia.eus
INPRIMATU
Jatorri atzerritarreko ikasleen eskolatzea orekatzeko bere proposamena aurkeztuko du Ikastolen Elkarteak
  • Ikasturtearen balorazio mamitsua egin du Ikastolen Elkarteak. Gai beroei heldu die, tartean Seaskak eta Nafarroako ikastolek bizi duten egoerari, EAErako Hezkuntza Lege polemikoari, hizkuntza ereduei edota premia bereziko ikasleen eskolatze ekitatiboari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko uztailaren 10a

Frantziako Gobernua erasokor ikastolen aurka. “Frantziako Gobernuak, Hezkuntza Ministerioaren eskutik, politika kolonialista eta suntsitzaile bortitz bati ekin dio hizkuntza gutxituen aurka, eta ikastolak politika horren eragina zuzenean jasaten ari dira. Matrikulazio igoeraren ondorioz Seaskako ikastolek behar dituzten 25 irakasle gehiago emateari uko egin dio, soilik 5,5 eskaini ditu Frantziako Gobernuak. Baina hori aski ez, eta kolegioko etapa amaitzerakoan egin beharra daukaten amaierako proban, brebetan, euskaraz egiteko aukera kentzeaz gain, euskaraz egin dituzten zientzietako probak ez zuzentzeko erabakia hartu du”.

Nafarroako ikastolen kontuak lupapean. “Nafarroako Kontuen Ganberak ikastolek jasotzen duten diru publikoaren gaineko bi azterketa egin ditu aurten, UPNk eta PSNk, alde batetik, eta Podemos taldeak, bestetik, egindako eskaeren ondotik. Lupapean eduki dizkigute Nafarroako ia ikastola guztien diru kontuak. Ikastolok, dena den, ez dugu ezer ezkutatzeko, eta Nafarroako Kontuen Ganberak halaxe baieztatu du egin dituen bi informeetan: ikastolok kontuak aratzak ditugu”. Orain, Navarra Confidencial hedabidearen eskariz, Nafarroako Ikastolen Elkartearen kontuak (eta euskalgintzako beste hainbat eragilerenak) arakatuko dituztela ere nabarmendu dute balorazioan: “Aldioro horrela ibili behar izateak erakusten digu Nafarroan badirela ikastolen aurka gogor jo nahi duten sektoreak”.

Hezkuntza Akordiorako proposamena eta Hezkuntza Legea. Ikastolen ustez, Hezkuntza Akordiorako proposamena onartzeko bidea mantso darama Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. “Egia da proposamenak gabeziak dituela eta ez duela hezkuntza eragile guztien onespena jaso. Onespena eman ez dutenen artean, halere, ikusten da proposamenari baino gehiago proposamena gauzatuz gero etorriko denaren, Hezkuntza Legearen, aurka daudelako hartu dutela jarrera hori”. Hezkuntza Lege berriak sare guztiak hartuko lituzke barnean, ez soilik titularitate publikoa duten ikastetxeak orain arte bezala, eta hori da eztabaida iturri nagusietakoa.

Euskara. Murgiltze eredua premiazkoa da. “Hezkuntza Akordiorako proposamenak biltzen du ikasleek, Lehen Hezkuntza amaitzerakoan, euskaran B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Helburu horiek oso urrun geratzen dira, ez dira lorgarri, A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzako, eta baita D ereduan ikasten ari diren askorentzako ere (…) Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari determinazioz eta ausardiaz joka dezan eta Hezkuntza akordioan jaso dezan murgiltze eredua dela eraginkorrena oinarrizko printzipio bezala biltzen diren helburuak lortzeko, hizkuntza ereduak desagerraraziz”.

Atzerritar jatorria duten eta maila sozioekonomiko baxuko ikasleen eskolatzea. “Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzean ikastetxeen artean dagoen desoreka handiaren eta horrek segregaziorako duen arriskuaren gaineko eztabaida ikasturte honetako hizpide nagusietakoa izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (…) Egungo desorekaren arrazoi nagusia da Eusko Jaurlaritzak ikasle horien eskolatzea erabili duela ixteko arriskuan diren gelak betetzeko. Atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da. Matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak ezin dira zuzenean matrikulatu ikastetxe baten edo bestean; Eusko Jaurlaritzak erabakitzen du non matrikulatuko diren, Eskolaratze Batzordeen bidez (Hezkuntza Saileko organo bat da, guztiz teknikoa). Eta ia beti, dagokion herrian arriskuan dagoen ikastetxera bideratzen du ikaslea. Horrek esplikatzen du hein batean zergatik ikastolak ez garen gure matrikulazio kopuruari legozkiokeen atzerritar jatorriko ikasleen zenbakietara iristen (…) Horregatik, Eskolatze Batzordeek ezin dute jarraitu teknikarien esku soilik. Hezkuntza eragileok ere egon behar dugu (…) Ikastola inklusiboa da, ez dio inori atea itxi bere jaioterriarengatik, sinesmenarengatik, elbarritasun batengatik, gaixotasunarengatik… denok desberdinak garelako, eta aniztasun horrek aberasten gaituelako”. Ikastolen Elkarteak aurreratu du gaia aztertu dutela eta proposamena aurkeztuko dutela datorren ikasturte hasieran.

Lanbide Heziketaren Lege berria. “Lanbide Heziketaren Lege berria onartu dute duela egun gutxi Eusko Legebiltzarrean. Lege horren edukiak arretaz aztertzen ari gara, baina aurreratu dezakeguna da, euskarari dagokionean, orain artekoaren berdina dela, eta lan mundua euskalduntzeko urrats bat atzera egitea dela, lehendik ere oso atzean egonik”.

Euskadiko Eskola Kontseiluaren Lege berria. “Duela egun gutxi onartu zen Eskola Kontseiluaren Lege berria, eta, berriro ere, ez gaituzte kidetzat onartu, nahiz eta oposizioko bi alderdik (EH Bilduk eta Podemos taldeak) ikastolok Kontseiluko kide izatea proposatu duten”.

.