Ziburun eta Donibane Lohitzunen dago Collecte et Compost, Pierre Koch eta Matthieu Hasléren proiektua. Izenak adierazten duen bezalaxe, hondakin organikoak bildu eta horiekin konposta egiten dute bi lapurtarrek. Bi hirietako jatetxe eta enpresetatik bizikletaz pasatzen dira hondakinak jasotzera, eta horretarako egokitutako gunean konposta egiten dute. Haien lan egiteko moduaz eta sortu duten sareaz gehiago jakin nahi izan dugu. Koch-ek erantzun ditu gure galderak.
2020ko urrian sortu genuen elkartea Matthieuk eta biok, eta bost hilabete geroago jarri genuen martxan proiektua, 2021eko martxoan. Ekonomia zirkularrari lotutako tokiko jarduera bat bilatzen genuen, karbono isuri gutxikoa. Frantziako hiri batzuetan –Nantesen, Valencen, Parisen eta Lionen, esaterako– martxan zeuden ordurako antzeko proiektuak, eta horietan inspiratu ginen, baina proiektua Donibane Lohitzuneren eta Zibururen neurrira egokitu genuen.
Materia organikoa lurrera itzultzea, lurrak ematen diguna berari bueltatzea da gure filosofiaren oinarria, hondakin organikoak lurrarentzako baliabide oso aberatsa baitira. Bizikleta elektriko bati lotutako erremolkea darabilgu establezimenduetako hondakinak jasotzeko: 150kg jaso ditzakegu txanda bakoitzean. Momentu honetan, 19 establezimendurekin ari gara lanean eta bi tona hondakin inguru ari gara jasotzen hilero. Establezimenduetarako bisita bakoitzean, bio-hondakinen kantitatea pisatu, kargatu, eta hirigunetik bost kilometrora daukagun lur eremura eramaten dugu, bertan konpostatze prozesua egiteko.
Donibaneko udalarekin eta golf zelaiarekin partekatzen dugu 500 metro koadroko lursaila, eta establezimenduetako bio-hondakinak golfeko zuhaitzen mantentze-lanetako egur birrinduarekin nahasten ditugu, konpost pila handiak eginez. Bederatzi hilabete behar dira konpost heldua lortzeko. Lehen fasean, tenperaturak 70º-tara iristen dira bakterio eta onddoen lanari esker, eta bio-hondakinak izan ditzakeen pestizida eta germenak ezabatzen ditu. Horregatik, gero zakuetan saltzen dugun konposta nekazaritza biologikoan ere erabil daiteke.
Bai, badira hainbat proiektu, eta denen artean kolektibo bat sortu berri dugu: Collectif Biodéchets Pays-Basque. Elkarlana indartzea eta gure lurraldean bio-hondakinen kudeaketa hobea lortzea dira taldearen helburuak.