Oso ona iruditzen zait Soraluzeko “Jaso burua” ekimena, ezinbesteko kontzientziazioa bultzatzen baitu. Lehen Hezkuntzako umeen gurasoontzako hitzaldian izan nintzen joan den astean. Seme nagusia LHn zegoela, pantailen (eta pantailen edukien) erabileraren inguruko kritika gutxi entzuten zen; are gehiago, kezkarik izan ala ez, pandemiaren koiunturan, gailu elektronikoen erabilpena orokortu egin zen erabat, eta pantaila bitartez ez bazen, lagunartea ezin izango genukeen zaindu.
Bidelagun elkarteko ordezkariak emandako hitzaldia, bikaina, eta zorionez, ziur egon gaitezke gaiaren inguruko ekimena hasi besterik ez dela egin. Kapitalismoaren kritikak ere bere tokia zuen hitzaldian, bideo-jolasen garatzaileen irizpideak azaltzen zirenean, jolasak garatzeko orduan jarraitzen dituztenak: ahalik eta engantxanteen izatea da irizpide bakarra, jolasaren salmenta eta horrek dakartzan irabaziak baitira ekoiztetxeko ugazaben ardura, eta horretara heltzeko ez dute eskrupulorik, haurren kalterako.
Google, Amazon, Meta, Microsoft eta Apple enpresen zerbitzuak bikainak dira, bikainak lirateke, jabetza publikoan izanez gero. Herrialde guztietako erabiltzaileak, elkar zaitezte
Hari horretatik gehiago tiratzeko premia ikusten dut. Izan ere, teknologia enpresa yanki handien esklabotzan bizi gara denok, Varoufakisek cloud capitalism deitzen dion garai honetan (yanisvaroufakis.eu). Ezinezko bihurtu da hiruzpalau enpresa erraldoien jabetza diren hodeietako plataforma komertzialak ez erabiltzea: LHko klaseetan parte hartzeko, erosi nahi duguna topatzeko, bezeroak topatzeko, autoan toki jakin batera heltzeko, gaztetxeko kontzertu batzuetaz jabetzeko, asteburuko kirol ordutegia jakiteko, gustuko irakur eta entzungaiak topatu eta partekatzeko, testu bat itzultzeko, eta abar. Stallmanek dioenez (stallman.org), guk ez dugu plataforma erabiltzen, plataformak erabiltzen gaitu gu. Aberastea helburu bakarra da.
Software librea, plataforma alternatiboak? Badaude, eta behetik-gorako ekimen kolektibisten bitartez esklabotzaren kaiolatik irtetea alternatiba bakarra da, estatuak enpresa horien oligopolioa hausteko deus ez egiten duen honetan. Estatuak horrela egin dezan aldarrikatzen dute batzuek, behinola Rockefellerren monopolioa hautsi zuten moduan. Are ideia hobea iruditzen zait enpresa horiek desjabetzea, hain zuzen ere. Edo deitu erostea. Google, Amazon, Meta, Microsoft eta Apple enpresen zerbitzuak bikainak dira, bikainak lirateke, jabetza publikoan izanez gero. Herrialde guztietako erabiltzaileak, elkar zaitezte.
David Lindemann