Pelotai Euneko mutilen pilota txapeleketaren Whatsapp taldean emakumeen kontrako iruzkinak egin dituzte. Ondorioz, mutilen txapelketa bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.
“Neskak pilotan? Eta zein dago sukaldean afaria egiten?” edo “Gaur neskek 17:00etan jokatuko dute, gero sukaldera joateko” gisako mezuak irakurri daitezke mutilen txapelketako Whatsapp taldeko pantaila-argazkietan. Emakumezko pilotariei egindako irainak medio, mutilen txapelketa bertan behera uztea erabaki dute txapelketako antolatzaileek.
Hartutako erabakiaren aurrean, antolakuntzako kideek mezua helarazi dute, Maxixatzenetik jaso duguna: “Azken aste honetan Pelotai Euneko mutilen txapelketako taldean idatzi diren emakumeen aurkako irainen harira, antolakuntza taldeak barkamena eskatzen du. Batez ere, momentuan behar bezalako erantzun azkar bat ez eman izanagatik. Hori dela eta, erabaki hau hartu du antolakuntzak: Herriko mutilen txapelketa bertan behera uztea. Azkenik, berriro barkamena eskatzen du antolakuntzak, eta garbi utzi nahi du, azken urteetan bezala, lanean irmo jarraituko duela berdintasuna sustatuz. Hemendik aurrera hartuko diren erabakien berri izango da aurrerantzean ere”.