Sei sari izan dira: ikus-entzunezko saria Karpeta Urdinak dokumentalari eman zaio, prentsa saria Zugazart iritzi tirei, entzunezko saria (Min)bizi podkastari, Internet saria euskal Mastodon komunitateei, kanpaina saria Azterketak Euskaraz kolektiboari, eta merezimenduzko saria Oihana Goirienari. Ehundik gora lagun bildu dira Usurbilgo Atxega Jauregiko ekitaldian.
Bi urtez Argia Sariak distantziara banatu ostean, pozgarria izan da ARGIAko lantaldearentzat berriro Usurbilgo Atxega Jauregian elkartzea. 34. edizio honetan ere ehun pertsona baino gehiago bildu dira otordu eder baten bueltan; euskal hedabideetako jendea, euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak, eta euskal kulturako bestelako ordezkariak. Aurten, gainera, duela 50 urte baino gehiagotik ARGIAko harpidedun diren zortzi lagun izan ditugu gonbidatuen artean.
Bazkalostean egin dute sari banaketa, eta Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jaso dute sarituek. Hauek dira aurtengoak –informazio gehiago gainean klikatuta–:
ARGIAko komunitatea hurbil
Aldaketekin itzuli dira Argia Sariak: Berezkoa Ta Naturala podkasteko protagonistak ekitaldian izan ditugu. Haizea Aranak eta Aner Peritzek aurkeztu dute sari banaketa, eta Leire Vargasek eta Oihana Aranak saridunak elkarrizketatu dituzte, garaikurrak eskuratu osteko sentipenak jasotzeko.
Beste berrikuntza bat izan da ARGIA jendea inoiz baino gertuago izan dugula. ARGIAko komunitatearen babesa eskertzeko, mende erdia baino gehiago harpidedun izaten daramaten pertsonen izenean, zortzi gonbidatu berezi izan ditugu Atxega Jauregian: Antton Dorronsoro, Nekane Aierbe, Mila Manterola, Arantzazu Royo, Juan eta Feli Aleman, eta Jon eta Lukas Barandiaran.
Garai interesgarriak kazetaritzarako
Urtero bezala, ARGIAko lantaldeak diskurtsoa eskaini du egun berezi honen, eta denen izenean hitz egin du Mikel Garciak. ARGIAko komunitatearen sostengua azpimarratu du: zazpigarren urtez jarraian harpidetzak irabazten ari gara, eta esanguratsutzat jo du, garaiotan ez delako ohikoa.
Halaber, azaldu du garai interesgarriak bizitzen ari garela, kazetaritza ikuspegitik garai nahasietan kontatzeko asko dagoelako, eta ARGIAren proiektuaren sendotasuna berresten delako krisialdietan: “Krisi boladetan eta kapitalismoaren danbateko gogorrenen aurrean, zentzu guztia hartzen dute etxe barruko balioek. Elkar zaintzan sinesten dugu, barne antolaketa horizontalean, taldea batuta eta indartsu mantentzearen garrantzian”. Irakurri hemen hitzaldi osoa.
Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi honen babesle diren ondorengo erakundeei: