argia.eus
INPRIMATU
Jone Amezaga atxilotu du Ertzaintzak bortizki
  • Ertzaintzak astelehen goizean atxilotu du Jone Amezaga gaztea Gernikako merkatu plazan. Lekukoek kontatu dutenez, polizia autonomikoak modu bortitzean egin du atxiloketa, borra hedagarriak erabiliz besteak beste. Manifestazioa deitu dute atxiloketa salatzeko: 20:00etan abiatuko da Merkurio plazatik.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz Axier Lopez @axierL 2014ko abenduaren 15
Jone Amezaga, hainbat herritarrek babesturik, atxiloketa baino segundu batzuk lehenago (argazkia: Naiz).

Topatu proiektu komunikatiboak, Herri Librea ekimenak eta ARGIAk elkarlanean egindako bideo honetan jaso dugu atxiloketa:

Axier Lopez ARGIAko kazetariak bertatik kontatu du atxiloketa Twitter bidez.

Informazio gehiago

Asteburuko ekintzak

Larunbat goizean Gernika "Herri librea" aldarriz bete zuten bertaratutako ehunka lagunek. Ondoren bazkari herrikoia egin zuten gernikarrek egindako ekarpenekin.

15:30ean herritarrei bertaratzeko dei egiten hasi ziren sare sozialetatik. Jone Amezagak ezkutuan zeramatzan 18 egun eta Gernikako hitzordua baliatu zuen jendarteratzeko.

Eskerrak jasotako babesari

Espetxean aurkezteko hamar eguneko epea bertan behera geratu izana “kaosa” izan zela aitortu du Amezagak elkarrizketetan. Ertzaintzak egindako txosten batek bultzatu zuen bizkortze hori.

Jone Amezaga atxilotzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, terrorismoa goratzea egotzita. Bere hatz markak pankarta baten zeloan aurkitu zituela adierazi du ertzaintzak, eta Amezagak, dena ukatzeaz gain, muntaia poliziala salatu du.

Gernikan Amezagaren kasuaren inguruan herri mugimendua sortu dute, kasuaren kudeaketa eraman eta "injustizia hau salatzeko".

Ertzaintzaren jarrera salatu dute

ARGIAk aurreratu zuenez, herri harresiei buruzko txosten bat bidali zion Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalari azaroaren 20an, Jone Amezagaren kasuan atxiloketa aurreratzea justifikatzeko. Donostiatik hasi eta Loiolara egindako herri harresi eta desobedientzia ekimenen ezaugarriak deskribatzen ditu argazkiz lagunduta. Amezagaren kasuan, atxiloketa egiteko dagoen 10 eguneko epea kritikatzen du, desobedientzia ariketa aurreikusten dela argudiatuta. Dokumentua osorik daukazue kontsultagai.

Txosten honi erantzunez, Eleak mugimenduak eta Euskal Herriko Libre lan taldeek adierazpenak egin dituzte, Ertzaintzak Madrilgo Auzitegi Nazionalari bidalitako txostena ezagutu ostean. Jone Amezagaren atxiloketa aurreratu nahi izatea onartezintzat jo dute, “desobedientzia zibila kriminalizatzea” delako.

Desobedientziarako deia Gernikan

Ezarri nahi dioten zigorraren atzean “beste interes batzuk” daudela azpimarratu du Amezagak. “Kasu honetan interesak ez datoz Espainiatik. Bertako gobernuaren menpe dauden ertzainek izan dute eragina erabakian. Horrek harritu egin ninduen”.

Desobedientziarako hautua egin du errigoitiarrak. “Libre bizitzeko hautua egin dut, eta jendearen konpromisoari esker izango da herri hau libre”.

Ez dela erraza izango dakien arren, ahal den heinean bere atxiloketa saihesten saiatuko direla esan du. Amezagaren hitzetan, Ertzaintzak herri oso bat ikusiko du beraien erabakiaren kontra. “Atxilotzen banaute ere, beraiek izan daitezela belarriak makurtzen dituztenak”.