Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 2024-09-03 10:18
Gakoak
Palestinaren aldeko unibertsitateen blokeoak biderkatuz doaz

AEBetako unibertsitateetatik abiaturiko mugimendua munduan barrena zabalduz doa: besteak beste, Kanadan, Japonian, Frantziako Estatuan, Valentzian, Turkian abiatu dituzte protestak azken egunetan.

Duela hamar bat egun abiatu zuten mugimendua New Yorkeko Columbia unibertsitatetik eta zabalduz zihoala ikusirik, errepresioa areagotu besterik ez dute egin agintariek: mila atxilotu baino gehiago egon dira 25 unibertsitateetan. Frantziako Estatuan ere zabalduz doa mugimendua, baina horren aurkako neurriak hartzera behartu ditu unibertsitateetako zuzendariak Goi Irakaskuntzako ministro den Sylvie Retailleauk.

Hemen Turkiako Yalovako unibertsitateko okupazioa:

 

 

Israelekiko harreman diplomatikoak eten ditu Kolonbiak

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak eman du erabakiaren berri, Maiatzaren 1a kari Bogotan zabalduriko diskurtsoan: Israelek Gazan bideratu "genozidioa" dela eta, Israelekiko harreman diplomatikoak eten ditu Kolonbiak. Erabakia "garaipentzat" jo du Hamas erakundeak, eta Israelek, ordea, gogorki deitoratu egin du aldaketa diplomatikoa.

"Ezin gara itzuli genozidioaren, hau da, herri oso baten suntsiketaren garaira. (...) Palestina hiltzen bada, gizateria osoa da hiltzen", izan da, besteak beste, Petrok zabalduriko elkartasun mezua.

Beste herri batzuk ere bide beretik

Urriaren 7az geroztik, Bolivia eta Belize herriek ere dituzte Israelekiko harreman diplomatikoak eten. Bolivia izan zen lehena, urriaren 31n. Zentzu berera egin zuten egun horretan Txile eta Kolonbiak, eta Israelen zeuzkaten enbaxadoreei etxeratzeko agindua bideratu zieten. Azaroaren 3an, Honduraseko Gobernuak zituen enbaxadoreak Israeletik kendu. Azkenik, Israelen genozidioa holokaustoari konparatu zuen Brasilgo presidente Lula da Silvak otsailean, eta orduz geroztik krisi diplomatiko gogorra dago bi herrien artean.

Herri arabiarren aldetik, Jordania izan zen enbaxadoreak deitzeko lehena, azaroaren 1ean eta biharamunean berdina egin zuen Bahrainek. Turkiak ere gogor kritikatzen du Israelen sarraskia eta Benjamin Netanyahurekilako harreman guztiak etenda ditu. Baina, oro har, Mendebaldeko herrien gisara, Israelen aurkako postura gogorrik ez dute hartzen herri arabiarrek.

Rafahren bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Rafah hiriaren bonbardaketa "izenik gabeko katastrofea litzateke" eta "horri aurre egiteko plan humanitariorik ez dago". Gobernuz Kanpoko Erakunde guztiek diote hori eta inpotentzia handirekin dabiltza desastrea ezeztatzeko saiakeretan. Hain zuzen, Rafah hirian metaturiko 1,5 milioi palestinarrek ez dute bertatik ihes egiteko aukerarik: Gazako Zerrenda osoa suntsitua da eta hegoalderago Egiptorekilako muga hetsia izanik, ez daukate ihesbiderik. Gainera, GKEek argiki diote suntsituriko auzoetara itzultzeak heriotza arriskua dakarrela, tirogaien %10a dagoelako oraindik lur horietan.

Munduko Osasun Erakundeko zuzendari orokorra den Tedros Adhanom Ghebreyesusek ere eskatu dio Israeli Rafahren suntsiketa alde batera uztea. Hala beharrez, Ilargi Gorria dabil oihal-etxe batzuk instalatzen Rafahtik iparralderago dagoen Khan Younesen, itsaso bazterrean. Baina hori ere ez da aterabidea eragile humanitarioen arabera: "Oihal-etxeak jartzea ez da nahikoa, saneamendu sistema oso bati pentsatu beharra dago, urarentzat, osasunarentzat... Gaur egun hori ezinezkoa da. Gainera, muntaturiko denda kopurua bera ez da nahikoa". Erran beharra dago Khan Younes ere dagoela erabat suntsiturik eta gune hori zeharkatzeak arriskua daukala. 

"Akordioa egon zein ez egon" Israelgo Armadak Rafahko inbasioa burutuko duela adierazi du Netanyahuk apirilaren 30ean. Israelek 40.000 oihal-etxe instalatzekoak ditu, Rafahko bonbardaketez ihes egingo luketen batzuen aterpetzeko. Inbasioa ofizialki ez bada abiatua ere, Rafahren aurkako erasoak abiatuak ditu Israelek.

Argazkia: Mohammed Abed

 

Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen Israelgo Armadak, eta NBEak gosete arriskua areagotzen jarraitzen duela adierazi du.

Irakurri albistea osorik hemen:

 

Belgika-Israel gatazka: Gazan lanean ari zen langile belgikar bat eta haren semea, bonben azpian

Belgikaren garapen ekonomikorako enpresa publiko Enabel-en egiten zuen lan belgikar batek, Gazan, eta bere semearekin han bizi zen. Bart gaueko bonbardaketek azpian harrapatu dute eta hil egin ditu Israelek, Al Jazeerak jaso duenez.

Hadja Lahbib Belgikako Kanpo Ministerioko buruak Isralego enbaxada urgentziaz deitu du bilerara, eta gogor mintzatu da sareetan. Ministroak dio nazioarteko araudia urratzen duela Israelen jardunak, ez direla onargarriak tamaina horretako erasoak eta esplikazioa zor dutela.

Gatazka diplomatikoa are gehiago okertu da Europaren eta Israelen artean.

EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman komertzial edo akademikoak ere etengo ditu Palestinan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten erakundeekin, bereziki Israelgo unibertsitateekin.

 

Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

Erabat suntsituak izandako Al-Shifa eta  Khan Yuniseko ospitaleetan hobi komunak aurkitu dituzte. Orotara, Israelek lurperaturiko 283 gorpu aurkitu dituzte Khan Yunisen eta beste 30 Al-Shifan.  "Ikaratua" azaldu da NBEko Giza Eskubideetarako goi komisario Volker Tuerk, eta nazioarteak bideraturiko ikerketa independente bat eskatu du: "Dagoen zigorgabetasun-giroa ikusita, nazioarteko ikertzaileek parte hartu beharko lukete ikerketan. Ospitaleek oso babes berezia izateko eskubidea dute nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera, eta zibilak, atxilotuak eta 'borrokatik kanpo' dauden beste pertsona batzuk nahita hiltzea gerra-krimena da".

Argazkia: Ramadan Abed. Reuters

 

Dozenaka atxilotu egon arren, azkartuz doaz Palestinaren aldeko AEBetako unibertsitateetako protestak

Azken egunetan atxiloketen bidez erantzuten ari zaie Polizia AEBetako unibertsitateetan Palestinaren alde antolaturiko protestei. 120 atxiloketaz gora egon dira, adibidez, apirilaren 23aren gauean NYU New Yorkeko Unibertsitate ospetsuan, eta aitzineko astean ere beste 100 bat zituzten atxilotu Columbia Unibertsitatean. Ikasleak eta irakasleak daude atxilotuen artean.

Oihal-etxeekin bertaratueta kanpaldiak abiatu dituzte NYUn, Columbian,  Massachusettseko Cambridgen eta Harvarden, eta Kaliforniako Berkeleyen. Oro har, Palestinaren aldeko mugimendua ikastetxe anitzetara zabaldurik da, ekintza ezberdinen bidez: manifestazioak, Palestinaren bandera jartzeak ala beste.

Presioz eta errepresioz erantzuten dabiltza hautetsi errepublikanoak eta beraien jarraitzaileak. Hain zuzen, Harvardeko eta Pennsylvaniako unibertsitateetako presidenteek dimisioa aurkeztu behar izan dute, mugimendu horren –presionatzen dabiltzanen hitzetan, "antisemitismoaren"– aurkako neurri nahikorik ez hartzeagatik. Joe Biden presidenteak ere hitza hartu behar izan du manifestarien aurka kotatuz eta beste behin antisionismoa eta antisemitismoa nahasiz: "Azken egunetan ikusi izan ditugu juduen aurkako jazarpenak eta indarkeriaren aldeko deiak. (…) Bistako antisemitismo gaitzesgarri eta arriskutsu horrek ez du lekurik unibertsitateetan, ezta gure herriko beste edozein lekutan ere".

AEBek beste 13.000 milioi dolar Israeli

AEBetako Ordezkarien Ganberak 61.000 milioi dolarreko dirulaguntza Israeli, Ukrainari eta Taiwani bideratzearen alde bozkatu du apirilaren 20an. Horietatik 13.000 milioi dolar izango dira Israelentzat, besteak beste, bere misilen aurkako erredola garatzen laguntzeko. Laguntza eskertu du Israelek, zehaztuz "etsaiari mezu argia bidaltzen" diiola.

Argazkia: AFP

 

Gazan eginiko argazki bati eman diote World Press Photo saria

Emakume bat ageri da irudian, iloba hilberria besoetan hartuta. Mohammed Salem fotokazetariarena da argazkia, Reuters agentziarentzat egina.

Palestinarako 2.800 milioi dolarreko diru bilketa abiatu du NBEk

Nazioarteko egiturek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek 2.800 milioi dolar behar dituzte urte bukaera arteko palestinarren biziraupena bermatu ahal izateko. Gazakoentzat, bistan denez eta nagusiki, baita Zisjordaniakoentzat ere.

Gosetea "berehalakoa" denez, laguntza humanitarioari bideak behar bezala irekitzea eskatu dio behin eta berriz NBEk Israeli. Hain zuzen, ia ez daukate jatekorik Gazan eta kanpotik etorritakoa ere mugaturik eta oztopaturik dute.

Horrez gain, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren betebeharrak aitzina eramateko ezinbestekotzat daukate diru hori. Israelen progapandaren amuari loturik, orain arte bideraturiko laguntza finantzarioa moztu dute hainbat herrik eta zailtasun handietan da errefuxiatuen egunerokoan garrantzia handia duen egitura hau. Gazako biztanleriaren bi herenak –1,6 milioi pertsona– UNRWAn izena emandako errefuxiatu palestinarrak dira eta horrez gain, iazko urriaren 7az geroztik lekuz aldatutako 1,7 milioi pertsonatik ia milioi bat egitura honen aterpeetan edo aterpeen inguruan dira metaturik.

Iran gehiago zigortzearen alde lerratu dira AEBak eta Europar Batasuna

Iranen eta Israelen arteko tentsioa areagotuz doa eta bi aldeek argi utzi dute parekoaren erasoari erantzun bortitz eta gogorrez erantzungo lioketela. Bizkitartean, Israelekiko babesa berretsi dute AEBek zein Europako Batasunak. Albistea osorik irakurtzeko:

 

Negoziaketak "interes politiko propioen" alde baliatu nahia kritikatu du bitartekari den Qatarrek

Tonu gogorrean hitz egin du Hamas eta Israelen arteko negoziaketetan mediatzaile lanetan dabilen Qatarreko lehen ministro Mohammed bin Abderrahmane Al-Thanik: "Interes politiko hertsiak" gogoan dabiltza negoziaketetako batzuk. Ez du zehaztu zein aldez ari den, baina azken egunetako nazioarteko adierazpenak entzunez, baliteke Israelez aritzea. Hain zuzen, AEBetako Steny Hoyer demokraten ganberako ordezkariak apirilaren 16an kritikatu zuen Qatar mediatzailea Hamasen aldean kokatu izana. Adierazpen "suntsitzaile" horiek salatu ditu, eta argi utzi du "kaltegarri" besterik ez direla.

Mohammed bin Abderrahmane Al-Thani. Argazkia: Wikimedia

 

Estatu kide izateko Palestinaren eskaerari buruz ebatziko du gaur NBEren Segurtasun Kontseiluak

Palestinak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadore Riyad Mansour-ek aurkezturiko eskaerari buruz bozkatuko du egitura horren Segurtasun Kontseiluak. NBEko estatu kide izateko eskaera bideratu zuen Mahmud Abbas Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak orain duela hamahiru urte, baina aldi oro atzera bota izan dute, AEBek Segurtasun Kontseiluan duen beto eskubideaz baliaturik.

Ezustekorik ezean, eskaerari ezezkoa erantzunen zaio, AEBek aurka bozkatuko duelako beto bidez. Azken horrek dio NBE ez dela horretaz erabakitzeko gunea eta aitorpena Israel eta Palestinaren arteko akordio bidez lortu daitekeela bakarrik.

2012az geroztik "estatu behatzaile ez-kide" gisa onarturik du Palestina NBEk. Alta, NBEko 193 estatuetatik 137 agertu dira estatu kide onartzearen alde. Kontua da erakundearen Batzar Nagusiaren bozketa egin ahal izateko Segurtasun Kontseiluak behar duela alde bozkatu. Hor dago blokeoa, nagusiki AEBek bideraturikoa.

 

Gazako lehen ministroaren senideak jomugan hartu eta hil ditu Israelek

Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak jakitera eman du bere hiru seme eta lau biloba hil dituela Israelgo Armadak. Al Jazeera komunikabideak eman du hilketa horien berri. Eid al-Fitr Ramadamaren bukaera ospatzeko festara zihoazen autoz eta jomugan hartu dituzte. Informazioa baieztatu du Israelgo Armadak.

Orotara, bere familiako 60 kide hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik.

Israelen aurkako "berehalako eraso masibo baten" arriskuaren berri eman dute AEBek

Iran eta bere aliatuen partetik Israelen aurkako "berehalako eraso masibo baten" arriskuaren berri eman dute AEBetako informazio zerbitzuek. Galdera ez omen da gertatuko ote den, baizik eta noiz gertatuko den.

Apirilaren 1ean eraso egin zuen Israelek Iranek Sirian duen kontsulatuari, hamasei hildako ondorioztatuz. Orduz geroztik areagotu egin da bi herrien arteko ezinegona. Erasoak "erantzuna" izango duela argitu zuen Ali Khamenei Irango aiatolak ere Eid al-Fitr Ramadamaren bukaera ospatzeko festarako diskurtsoan: "Kontsulatua erasotzea gure lurra erasotzea bezalakoa da. (…) Gogo gaiztoko erregimenak akats bat egin du eta horretarako zigortu behar dugu eta zigortuko dugu". 

Testuinguru horretan, sostengua berretsi egin dio Joe Biden AEBetako presidenteak Israelgo Gobernuari: "Benyamin Netanyahuri erran diodan bezala, Iran eta bere aliatuen mehatxuen parean hautsiezina dago Israelen segurtasunaren aldeko gure konpromisoa. Israel babesteko ahal dugun guztia eginen dugu". Palestina eta Israelen arteko gerra zabaltzeko arriskua handituz doa.

Ali Khamenei Irango aiatolak argi utzi du Israelen erasoari erantzungo diotela.
Netanyahuk dio "eguna eta ordua" prest dituela Rafah hiriaren kontrako erasorako

1,5 milioi errefuxiatu palestinar inguru biltzen dituen Gaza hegoaldeko Rafah hiria begiz jota du Israelgo Gobernuak eta "ez da munduan indarrik geldiaraziko" duenik, azaldu du Benjamín Netanyahu lehen ministroak. Bere hitzetan, eguna eta ordua prest ditu horretarako.

Israelgo Armadak 40.000 oihalezko denda erosi ditu, jende mordoa hiri hartatik botatzeko asmoa duen seinale, baina hegoalderago ez dute ezer, itsasoa eta Egiptoko muga baizik.

Netanyahuk eskuin-muturreko bere bazkideei zuzenduriko mezua izan da Rafahren kontra egingo duen baieztapena, askoren aburuz, eta bere adierazpenen preso da orain. Erretorika horrek urrundu egin du su-eten baterako azken asteotan Hamasekin izandako negoziazioen ondorioz sorturiko aukera.

Nolanahi ere, Al Jazeeraren esanetan, Israelgo defentsa ministro Lloyd Austinek azaldu du oraindik ez dagoela datarik Rafahren kontrako erasorako.

Joe Biden AEBetako presidenteak zuzenean kazetari baten galderei erantzunez esan du Netanyahu "akatsa" egiten ari dela eta su-etena ezartzeko eskatu dio Israeli.

Aste honetan israeldar armada Gaza hegoaldetik erretiratu den arren, bonbardaketek jarraitzen dute eta dozenaka lagun hil dira 24 orduotan, horietako 14 Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan –lau haurrak ziren–, Middle East Eyek jaso duenez. Jadanik 33.000tik gora dira Gazan Israelek hildako palestinarrak.

Gainera, World Central Kitchen GKEren kontrako erasoaren ondoren hitzemandako pasabide humanitarioak apenas ireki ditu; pasa den asteartean hainbat kamioik gurutzatu ahal izan dute muga.

 

1.400 milioi dolar jaso ditu dohaintzan Israelek urriaren 7az geroztik

Israelen Kanpo Harremanetarako Ministerioak eman ditu jakitera datuak, eta Al Jazeera-k jaso du albistean. Diaspora taldeko eledunak honela esan du: "Aurrekaririk gabeko esfortzua da nazioarteko komunitate juduarena". Dohaintzaren erdia AEBetatik bidali da, komunikabide arabiarraren arabera, eta erreferentzia gisa 1967ko Sei Eguneko Gerra ipini dute; orduko hartan baino diru gehiago jaso da.

Israelgo Bankuaren aurreikuspenen arabera, 2025 bukaerarako dohaintza kopurua 55.600 milioi dolarretakoa izango da.

 

Walid Daqqa hil da, Israelen espetxean 38 urte zeramatzan preso palestinarra

Preso eta Preso Ohien Gaietarako Agintaritzak eta Preso Palestinarren Klubak salatu zutenez, Daqqak hainbat krimen jasan zituen espetxean egon zen bitartean, batez ere arduragabekeria medikoa izan dela adierazi du Aljazeerak.

62 urte zituen eta 38 urte zeramatzan preso. 2023an aske utzi behar zuten, baina zigorra luzatu egin zioten, leuzemia izan arren.

Eleberrigile eta ekintzaile palestinarra, minbizia zuena, Israelgo Shamir Osasun Zentroan hil da, Atxilotu eta Gai Ohien Palestinako Batzordearen arabera. 1986ko martxoan atxilotu zuten eta borroka palestinarreko presorik garrantzitsuenetako bat eta zaharrenetakoa zela adierazi du NAIZek.

2023ko apirilaz geroztik, eta osasun egoera ahula zuelarik, hainbat aldiz aldatu zuten espetxetik. Bi hilabete baino gutxiagoan eskuineko birika atera zioten, eta horrek asfixia eta arnas infekzio oso larriak eragin zizkion. Kateterismo bat ere egin zioten. Espetxeetako agintariek segurtasun baldintza zorrotzak dituen ospitale batean tratatua izateko baimena eman zioten. Gainera, torturak jasan zituen eta familia-bisitarik gabe geratu zen, batez ere joan den urriaren 7tik.

Israelgo eskuin muturreko Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben-Gvir Israelgo Espetxe Zerbitzuko arduradunak esan zuen Israel ez zela negarrez ari Daqaaren heriotzagatik, eta "terrorista" gisa aipatu zuen.

Sare sozialetan argitaratutako argitalpen batean, Daqqaren bizitza naturalki amaitu zela esan zuen, eta ez zela terroristentzako heriotza-zigorraren zati bat, ustez hala zelako.

Israelgo Armada Gaza hegoaldetik erretiratu da “etorkizuneko misioak” prestatzeko

Si hilabete pasa dira Israelek azkenengoz Gaza inbaditu zuenetik. Ordutik, 33.000 Palestinar baino gehiago hil ditu, horietatik 14.500 haurrak. Gazako 2.3 milioi biztanleetatik bi milioik hutsi behar izan dituzte bere etxeak, eta milioi bat gosete arrisku bizian dago.

Urte erdia igarota, Israelgo Armadak Gaza hegoaldean zituen lurreko tropa guztiak erretiratu ditu, igandean jakinarazi duenez, eta brigada bakarra utzi du bertan. Brigadak Gaza iparralderako bide ixten du.

Lau hilabetez Khan Yuniseko hegoaldean erasoan aritu ostean, Yoav Gallantek, Israelgo Segurtasun ministroak esan du tropak joan egin direla “berreskuratzeko” eta “etorkizuneko misioak” prestatzeko; horien artean, Rafah inbaditzea. Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez, horrelako eraso bat gerra krimena litzateke ia milioi bat palestinar desplazatu daudelako bertan.

Khan Yuniseko biztanleak beren etxeetara bueltatzen hasi dira, eta "birrinduta" aurkitu dute ingurune osoa, Al Jazzerak jaso duenez.

Israeli armarik ez saltzeko eskatu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak

Ostiralean, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Israeli armak saltzeari uzteko eskatu du. Kontseiluaren erabakiak ez dira lotesleak eta bitartekorik ez du estatuei adostutakoa betearazteko.

Kontseiluko 47 estatu-kideetatik 28k testuaren alde bozkatu dute, eta seik kontra, tartean AEBek eta Alemaniak. Hamahiru, horietako bat Frantzia, abstenitu dira. Gazako genozidioari buruz Giza Eskubideen Kontseiluak hartu duen lehen erabakia da.

"Zuek guztiok esnatu eta amaitu behar duzue mundu osoan telebistaz zuzenean ikusten ari garen genozidioa, milaka palestinar errugabe hiltzen ari dena", esan du Ibrahim Mohammad Khraishi ordezkari palestinarrak. Israelgo ordezkari Meirav Shaharrek aldiz adierazi du ebazpena babestu duten guztiek "Hamasen alde" bozkatu dutela.

Hasiera batean testuak genozidio gisa definitzen zuen Gazan gertatzen ari dena, baina ostegunean testua aldatu zuten "ahalik eta kide gehien batzeko asmoz". Onartutako testuan Giza eskubideen urraketa eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arau-hauste larriez kezka sakona adierazten da, "gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak barne". Nazioarteko Justizia Gorteak "genozidio-arrisku sinesgarria" dagoela adierazi izana ere jaso du testuak.

Era berean, dokumentuak eskatu du Israelek 1967tik okupatu dituen lurralde palestinarren "okupazioa amaitzea", Jerusalem ekialdea barne, eta "berehala indargabetzea Gazako Zerrendaren gaineko blokeoa eta gainerako zigor kolektibo guztiak".

Ebazpenak estatu guztiei eskatzen die "armak, munizioak eta bestelako ekipo militarrak" Israeli ez saltzea edo ematea, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa berriak eta giza eskubideen abusuak eragozteko".

Gaza iparraldeko herritarrak egunean 245 kaloria dauzka bizirauteko

Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundearen datua da: Gaza iparraldeko herritar bakoitzak egunean 245 kaloria dauzka bizirauteko –gizakion behar kalorikoen %12a beraz–. 300.000 bat palestinar dira iparraldean blokeaturik. Testuinguru horretan dio iragan astean debekatu Gaza iparralderako sarrera UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Israelgo Gobernuak.

Oro har, ez da elikagai nahikorik sartzen Gazara. IPC Integrated Food Security Phase Classification eta UNRWA erakundeen kalkuluei segi egunean 221 kamioi beharko lirateke Gazara sartu, baina errealitatean, soilik 105 kamioi dira bertaratzen. Hori horrela, behar kalorikoen %41 bermatu dezakete.

Gauzak hobetu ezean, "ondoko asteetan" deklaratu dezake "gosete egoera" IPC erakundeak.

Argazkia: Unicef

 

Gobernuz Kanpoko Erakundeak badoaz Gazatik, segurtasun faltaren beldurrez

Gazan boluntario lanetan ari ziren zazpi atzerritar hil ditu Israelek, eta horren eraginez hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek erabaki du bere jarduna etetea edo Gazatik joatea. Ondorio lazgarriak ditu horrek.

Janaria prestatzen eta banatzen duen World Central Kitchen GKEko kideak ziren Israelek hildakoak, eta ondorioz, erakunde horrek eten egin du bere jarduna Gazan. Kontua da atzetik hasi direla beste GKE batzuk ere iragartzen lurraldea utziko dutela, beren boluntarioen segurtasuna ezin dutelako ziurtatu. The Guardian egunkariak Anera eta Project Hope aipatu ditu, Gazan lan egiteari utziko diotenen artean. Lehenengoak errefuxiatuak laguntzen ditu eta bigarrenak osasun laguntza eskaintzen du Gazan.

“Gure jarduna eteteak palestinar herritarrentzat izango dituen ondorio larriak ulertzen ditugun arren, arriskuaren areagotzeak ez digu beste irtenbiderik uzten eta jarduna utzi beharrean gaude, gure boluntarioek konfiantza berreskuratu arte”, dio Anerak, komunikatu batean.

Laguntza humanitario horiek bertan behera uzteak Gazan izango duen eragin lazgarriak kezka handia sortu du. UNRWAk berak nabarmendu du Gazan goseteari aurre egitea erronka itzela izango dela, GKEko boluntarioak bertatik baldin badoaz eta Israelek konboiak erasotzen jarraitzen badu.

Hiru tiroketa egin zituen Israelek

Haaretz hedabide israeldarrak, Defentsako iturriak aipatuz, azpimarratu du drone israeldar batek hiru tiroketa egin zituela World Central Kitchenen konboiaren aurka, ibilgailuak argi eta garbi identifikatuta zeuden arren GKEaren logoarekin. Israelgo agintarien hitzetan, ordea, identifikazio akats batengatik egin zuten tiro zazpi boluntario atzerritarren aurka. Benjamin Netayahu Israelgo lehen ministroak adierazi du gertaera tragikoa izan dela, gerra garaian halakoak pasatzen direla eta ikertzen ari direla gertaturikoa: “Berriro ez pasatzeko ahal dena egingo dugu”.

Gazatarrentzako janaria zeramaten zazpi giza laguntzaile hil ditu Israelek

Gosetea muturrekoa da Palestinan, eta World Central Kitchen giza laguntzako erakundea ari da ehunka mila otordu prestatzen Gaza erdialdean eta hegoaldean dituen 60 sukaldeetan, palestinarrei oinarrizko elikadura ahalbidetzeko asmoz. Baina jarduna eten dute, euren langile ziren zazpi lagun hil baititu Israelgo armadak, ustez segurua zen eremu batetik pasatzen ari zirela. "Gure lanaren etorkizunari buruzko erabakiak hartuko ditugu laster", jakinarazi du WCK erakundeak. Israelen erasoa giza laguntzako erakundeen aurkakoa izan dela azpimarratu du WCK-ko koordinatzaileak, eta gogorarazi du "barkaezina" dela "janaria gerra arma gisa erabiltzea". WCKren logoa zuten autoetan zihoazen zazpi langileak, eta Israelen aire erasoa jasan zuten, Middle East Eye hedabideak jakinarazi duenez.

Nazioarteko hainbat estatu, erakunde eta agintarik gaitzetsi dute Israelen erasoa, tartean hauek: Australia, Zipre, Egipto, Iran, Espainiako Open Arms, NBEko larrialdien arduradun Martin Griffiths, eta Munduko Elikagaien Programako arduradun Cindy McCain. Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagari-k "doluminak" bidali dizkio WCKri, eta esan du gertatutakoa ikertuko dutela.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 196 giza laguntzaile hil ditu Israelek urriaren 7tik.

Israelek airez egin dio eraso WCKeko giza laguntzaileen autoari. / Argazkia: AFP.
Ehunka hilotz utzi ditu Israelek Al-Shifa ospitalean, bi asteko setioaren ondoren

Bi astean dena suntsitu dutela berretsi diote lekukoek Al Jazeerari. Gazako ospitalerik handienean eta inguruko kaleetan "ehunka gorpu" utzi dituzte Israelgo soldaduek, eta eraikinak erabat suntsituta. Hilotzak eta eraikinak erreta topatu dituzte bertaratutako lekukoek.

Gazako Al-Shifa ospitaleko eremua bizitza arrastorik gabe utzi dutela baieztatu du Al Jazeerak. Israelgo armadak bi astez setiatuta izan du Al-Shifa, eta astelehenean iragarri du amaitutzat eman dutela misioa: Hamaseko hainbat borrokalari hil dituztela esan dute militarrek. Martxoaren 18an hasi zuten Gazako ospitalerik handieneko setioa, esanez Hamasen base militarra bertan zegoela. Hamasek ukatu egin du halakorik, eta ziurtatu du osasun zentroak ez direla euren ekintzarako tokiak. Israelek aitzakia hori erabili du behin eta berriro, urriaren 7az geroztik, hainbat ospitale erasotzeko.

Israelgo armadak erabat suntsitu du Gazako handiena zen Al-Shifa ospitalea. Argazkia: Osama Rabii / Anadolu.
Al Jazeera hedabide erreferentea zentsuratu du Israelek

Apirilaren 1ean onartu du Israelgo Parlamentuak 'Al Jazeera legea' deritzona, Qatarko telebista katea zentsuratzeko Israelen. Gazako bonbardaketen eta egoeraren kontaketa zuzena egiten ari da Al Jazeera, eta erreferente da nazioartean, Gazan bertan baititu kazetariak, eta hedabide oso gutxik du aukera hori. Lege berriak ahalbidetzen duenez, kateak ezingo du informaziorik zabaldu Israelen, "estatuko segurtasunari kalte" egiten diola argudiatuta. Debekua 45 egunekoa da, baina luzatzeko aukera du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak X sare sozialean zabaldu du hedabideak "urriaren 7ko sarraskian aktiboki parte hartu" zuela, eta zentsura defendatu du: "Al Jazeera kate terroristak ez du gehiago Israeletik emitituko".

Lege berriak ahalbidetzen du Komunikazio ministroak agintzea "eduki sortzaileek" estatutik ezin emititzea informaziorik, are, agindu dezake Israelen dituzten lantokiak ixtea, webgunea blokeatzea edota materiala atxikitzea.

NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

Ramadanak iraun bitartean “beherealako” su etena ezartzea onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Ebazpenak 14 boto jaso ditu, eta kontrakorik ez. Abstentzio bakarra AEBena izan da, lehen aldiz kontra bozkatu ez duena.

Huts egindako lau saiakeren ostean, NBEko Segurtasun Kontseiluak Gazan su-etena eskatzen duen ebazpen bat onartu du. Su etena “berehalakoa” eta “iraunkorra” izatea nahi dute. Hala ere, ebazpenaren arabera, Ramadanak iraun bitartean izanen da su etena. Ramadana martxoaren 11n hasi zen, eta apirilaren 9an amaituko da. Horrez gain, Hamasek bahitutako 130 pertsona askatu beharko ditu eta Israelek laguntza humanitarioa sartzen uzteko oztopo guztiak kendu beharko ditu.

Ebazpenak 14 boto jaso ditu, kontrakorik ez eta abstentzio bakarra, AEBena. Ez ohikoa izan da AEBren jarrera izan ere orain arte beto eskubideaz baliatu  da Israel babesten jarraitzeko. Horrek Israelen haserrea piztu du. Benjamin Netanyahuk, Israelgo Lehen ministroak mehatxatu egin zuen, AEBek betoa erabili ezean, Washingtonera egin behar zuen bidaia bertan behera utziko zuela esanda. NBEren ebazpenaren berri jakin duenean bertan behera utzi du bidaia.

David Hearst: “Adierazle guztiek iragartzen dute porrot estrategikoa Israelentzat”

David Hearsten ustez Israel gogor ari da kolpatzen Hamas, baina hala ere, estrategikoki Israel galtzen ari da. Bera Middle East Eye Ekialde Erdiko gaiak jorratzen dituen hedabideko sortzaileetakoa da eta egungo erredaktore burua.

“Mendebaldeko iritzi publikoaren aldekotasunaren galera, Nazioarteko Justizia Gortean duen genozidio salaketaren auzia, juduen kontsentsuaren haustura, eta Israel sostengatzen dutenen urduritasuna hor dira, eta osagai horiek guztiek adierazten dute Israelen porrot estrategikoa.

Gerra orain geldituko balitz ere, Gaza okupatzeagatik Israelek ordaindu behar izan duena duela bost hilabete irudika zezakeena baino handiagoa izango da. Oraindik, aldiz, ez da horretaz ohartu. Ohartuko da”.

Artikulu osoa hemen.

 

Su-etenaren negoziazioa: zer eskatzen dute Hamasek eta Israelek?

Aspaldi ari dira negoziatzen su-etena Hamas eta Israel, Qatar eta Egiptoren bitartekaritzarekin, baina zer eskatzen du Hamasek eta zer dio Israelek? Al Jazeerak emandako azalpenak ekarri ditugu lerro hauetara.

Qatarreko hiriburu Dohan egiten ari dira negoziazioak eta Hamasek joan den astearen amaieran aurkeztu zien bere proposamena bitartekariei. Palestinarren eskuetan diren 100 bahitu israeldarrak preso palestinarren truke askatuko lirateke; azken hauetako 100 batek bizitza osorako espetxe zigorra dute.

Su-etena hiru fasetan banatuko litzateke, bakoitza 42 egunekoa. Lehenengoan, Israelgo Armada erretiratu beharko litzateke Gazako iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen bi errepide nagusietatik, horrela herritarren itzulera ahalbideratzeko. Palestinarrek lehenbizi bahitutako haurrak eta emakumezkoak askatuko lituzkete, eta trukean 700 eta 1.000 preso palestinar askatuko lituzke Israelek. Hamasek bahituta duen soldadu israeldar emakume baten truke Israelek 50 preso askatu beharko lituzke, eta horietatik 30 bizitza osorako zigorra dutenak eta Hamasek hautatutakoak.

Iragan azaroan astebeteko su-etena sinatu zuten bi aldeek, eta horren ondorioz, Hamasek 80 bahitu palestinar askatu zituen eta Israelek 200 preso palestinar; alabaina, preso horietako asko ostera ere espetxeratu dituzte dagoeneko.

Bigarren fasean, bahitu gehiago askatu baino lehen, su-eten iraunkorra indarrean sartuko litzateke. Hirugarrenean, Israelek Gazako setioa altxatuko luke eta berreraikuntzari ekingo litzaioke.

Israelen esanetan, Hamasen eskaerak “ez dira oso errealistak” eta, dioenez, “Hamas errotik desagerrarazi” behar da. Bere mehatxu nagusia: su-etena aurrera ateratzen ez bada Rafahko inbasioari ekingo diola, horrek ekar dezakeen sarraski handiarekin. Al Jazzerak dioenez, herrialde arabiarrak, laguntza agentziak eta AEBak ez datoz bat Israelen planekin.

Areago, Israel munduko estatu gehienen gaitzespena izaten ari da Gazan egindako erasoengatik: dagoeneko 31.000 pertsonatik gora hil ditu, horien artean 12.300 haur. Azken bost hilabeteetan, munduko gatazka guztietan baino haur gehiago hil ditu Israelek Gazan.

Petrolio konpainiak Israelgo armada hornitzen ari dira, Gaza sarraskitzen jarraitzen duen bitartean

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.

Hori da Oil Change International GKEak ondorioztatu duena, Britania Handiko Data Desk aholkularitza enpresak egindako ikerketa bateko datuak eskuan. The Guardian egunkariak azaldu duenez, aholkularitza horrek satelite bidezko irudiak aztertu ditu petrolio-ontzien kokapena zehazteko, eta portuetako agintaritzek eta ontziolek emandako datuekin erkatu ditu.

2023ko urritik AEBetako Texas estatutik gutxienez hiru petrolio-ontzi iritsi dira Israelgo Ashod eta Haifa birfindegietara, azkenekoa martxoaren 6an. Egun horretan Ashkelongo portuko kaiean ikus liteke itsasontzia. Ordurako Israelen erasoek 30.000 pertsona hil zituzten Gazan.

Irakurri artikulu osoa hemen.

NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak txosten bat egin du, eta bertan ateratako datuen arabera laguntza humanitarioa jaso ezean maiatza bitartean gosetea iritsiko da Gaza iparraldera. Txostenean elikadura segurtasuna aztertu dute; hau da, nutrizio beharrak asetzeko eta bizimodu osasuntsua mantentzeko adina elikagai une oro dituzten edo ez. Emaitzen arabera, ez daukate elikadura segurtasuna bermatuta Gazan.

Herritar guztiak "krisi", "larrialdi" edota "katastrofe" egoeran daude. Horien erdia, 1,11 milioi pertsona, uda iristerako "katastrofe" egoeran egon litezke. Zerrendako etxe gehienetan ez dituzte eguneko otordu guztiak egiten, eta gurasoek gutxiago jaten dute haurren elikadura bermatzeko. Gaza hirian are larriagoa da egoera: hamar egun oso jan gabe egon dira familia gehienak; eta bi urtetik beherako haurren herenak malnutrizioa pairatzen du.


 


 

Oxfamek Israeli leporatu dio laguntza humanitarioa “sistematikoki” blokeatzea

Nazioarteko Justizia Gorteak laguntza humanitarioa "handitzea" exijitu duen arren, azken hilabeteetan Israelgo Armadak uko egin dio laguntza humanitariorako material tonak Gazan sartzeari. Oxfam Intermonek salatu du Israel laguntza humanitarioa "sistematikoki" blokeatzen ari dela. Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko Oxfam Intermoneko zuzendaria da Sally Abi Khalil: "Israelek ez ditu bere esku dauden neurri guztiak hartzen genozidioa eragozteko".

Gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin batera, salatu du gobernuak aire eta itsaso bidez bidaltzen ari direla laguntza ez diotelako Israelen blokeoari aurre egiten: "Beste gobernu batzuek Israelen jarrera zalantzan jarri ez izana eta metodo ez hain eraginkorren alde egin izana, alarma-seinale argia da".

Al-Xifa ospitalean sartu da laugarren aldiz Israelgo Armada

Gazako Osasun Ministerioaren arabera hildakoak eta zaurituak eragin ditu Israelgo Armadak Al-Xifa ospitalean egindako operazio militarrak. Hala, ere ez du daturik eman. Joan den urritik lau aldiz sartu da armada erietxean. Hamaseko kideen aurkako erasoa izan dela azaldu du Israelek; eta, gutxienez, 80 pertsona atxilotu dituzte, "terroristak" diren susmoan. Igandean izan zen erasoa.

Al-jazeera hedabidearen arabera, soldadu bat "zibilez jantzita" sartu da ospitalera, eta haren atzetik ibilgailu militarrak, tankeak, droneak eta beste. Osasun Ministerioak salatu du Israelek Gazako osasun sistema "suntsitzen" jarraitu, eta erasoa "justifikatu" nahi duela.

Gazako genozidiora "ez ohitzeko" eskatu dute milaka herritarrek Donostian

250 kulturgiletik gorak egin zuten deialdia “Kulturatik genozidioari stop” manifestaziorako. Milaka lagunek Alderdi Eder eta Haizearen Orrazia arteko ibilbidea bete dute martxoaren 17an. Hainbat esku-hartze artistiko izan dira tartean. Inpakturik handiena, ibilbidean zehar manifestariak lurrean etzanda lortu dute. Drone bidezko irudiek Gazako sarraskiaren irudikapena jaso dute.

Irakurri osorik hemen.

Laguntza humanitarioaren bila joandako 400 pertsonatik gora hil ditu Israelek

Horietako azken erasoa joan den asteartekoa da, Gaza hiriko Kuwaiteko biribilgunean laguntza humanitarioaren zain ziren hainbat pertsonari eraso egin zien Israelgo Armadak, hamaika palestinar hil zituen eta 25etik gora zauritu, Al Shifa ospitaleko iturrien esanetan.

Eraso horietako gogorrena joan den astean gertatu zen Gazan bertan ere, irina zekarren kamioien konboiari eraso egin eta israeldarrek 100dik gora palestinar hil eta ehunka zauritu zituztenean. Aurrerantzean "Irinaren sarraskia" deitu zaio erasoari. Gazako Gobernuko prentsa bulegoaren arabera, jadanik 400dik gora hildako izan dira gisa horretako erasoetan.

 AEBetako armada airez hasi da laguntza botatzen Gazako hainbat lekutan eta, paradoxa gisa, horietako pakete batzuek hainbat pertsona hil dituzte, Gazako Gobernuaren arabera. Laguntza horiek kritika handiak jaso dituzte, AEBek Israelekin duten konplizitatea kontuan hartuta, zurikeria gisa deskribatu direlako.

Irinaren Sarraskia-ren aire irudiak.

 

Hegoafrikak Israelgo Armadan borrokatu diren hegoafrikarrak atxilotuko ditu itzultzen direnean

Naledi Pandor Hegoafrikako Atzerri ministroak egin du iragarpena, eta horren arabera, Israelgo Armadan soldadu gisa aritu diren hegoafrikarrak jazarriko ditu gobernuak haiek Hegoafrikara itzultzean.

Israelgo Segurtasun Legearen arabera, bertako herritar guztiek parte hartu behar dute armadan, baita herritartasun bikoitza dutenek ere, eta berdin atzerrian bizi badira ere. Horregatik, urrian Gazako erasoari ekin zionean, Israelek armadara dei egin zien atzerrian bizi diren bere herritarrei.

Pandor ministroak aste hasieran ANC gobernuko alderdiaren bilkura batean jakinarazi duenez, Hegoafrikako legediak debekatu egiten du bertako herritarrek atzerriko armadetan parte hartzea. “Ez dugu Gazan ematen ari den genozidioa onartzen eta, beraz, Israelgo armadan ari diren gure herritarrak Hegoafrikara itzultzean epaituak izan daitezke”. Horren arabera, Hegoafrikako herritartasuna ere gal dezaketela iragarri du.

Naledi Pandor Hegoafrikako Atzerri ministroa.

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Israelek Irlandan duen enbaxada itxi du, Dublinek genozidio salaketarekin bat egin ostean

Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


2024-11-11 | Leire Ibar
Israelek fosforo zuriarekin gutxienez 24 eraso egin dituela dokumentatu du NBEk

Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.


Eguneraketa berriak daude