argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritza Fagorri laguntzeko prest bideragarritasun plan “zorrotz” batekin
  • Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Fagorren itxieraren inguruan mintzatu da Forum Europa-Tribuna Euskadi ekitaldiaren baitan. Eusko Jaurlaritzak bideragarritasun plana martxan jartzeko laguntza emango duela azaldu du Tapiak; baina horretarako “inplikazioa” eskatu du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 22a
Arantza Tapiak bideragarritasun neurri "zorrotzak" eskatu dizkio Fagorri Forum Europa-Tribuna Euskadi ekimenaren baitan.

Enpresaren egoera zaila gainditzeko bideragarritasun plan "zorrotza"  eskatu die Fagor Etxetresnakeko buruei. Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnak enpresaren inguruan hartutako erabakia “oso berandu” etorri dela adierazi du.

Egoera zaila kontuan hartuta, "behar bezain malguak" izango direla esan du; izan ere, "badakigu zailtasunak daudela langileei eta jarduerari irteera emango dien bideragarritasun plana egiteko.

Fagor Etxetresnen gainbeheran hainbat faktorek eragin dutela uste du sailburuak, baina batez ere kudeaketarako zailtasuna azpimarratu du. Hori dela eta, kooperatibaren kudeaketa eredua "berraztertu edo aldatu” behar dela gaineratu du.

Kooperatibismo eredua baliagarritzat jo du Arantza Tapiak baina Mondragon taldeari inplikazoa eskatu dio berregituraketak aztertu eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko.

Debagoieneko udalak Fagorren krisiaren eragina aztertzen

Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano Debagoieneko alkateekin batzartu da Fagorren egoera zailak herriz herri izan dezakeen eragina aztertzeko. Mondragon Korporazioak pisu handia du eskualdean, eta krisiak ez die soilik Fagorreko langileei eragingo, Debagoieneko biztanle guztiei baizik. Hori dela eta, udal bakoitzak ondorioak neurtzeko lan ildoak adostu dituzte bileran.