“Etsaien nagusitasunaren eguna” Euskal Herriko langileriarentzat “borroka eguna" izatea eskatu du Jarkik. Borrokatzera eta kalera ateratzera animatu dituzte herritarrak, “burgesiaren interes eta jabetza erregimenaren” aurrean.
Manifestazio nazionala deitu du Jarki antolakundeak abenduaren 6an, “apurketa demokratikoaren alde” eta Espainiako Konstituzioaren kontra. Konstituzioa Espainiako zein Frantziako "erregimenen" oinarri dela ziurtatu du ohar bidez, eta “Euskal Herri Langilearen zapalkuntzari eusteko eta bere askapenari begirako horma”. Euskal Herriko lurraldeak “hainbat administraziopean banatzea eta isolatzea”, Bidasoa Euskal Herria “banatzen duen muga internazionala bilakatzea”, eta euskararen aurkako erasoak “ahalbidetzea” leporatu diote 78ko Konstituzioari.
Estatuek inposatutako markoei “ikuspuntu suntsitzailetik aurre egin” behar zaiela adierazi du Jarkik, “kontraboterean oinarritutako alternatibak eraikitzea ahalbidetzen duen apurketa demokratikoa” eratzeko.
Manifestaldia abenduaren 6an egingo dute, Espainiako Konstituzioa onartu zuten egunean, eta arratsaldeko 19:00tan abiatuko da Durangoko Landako gunetik."Zapalketa lege bihurtzen duen muinaren zuritze ariketa da konstituzio egunaren ospakizuna”, Jarkiren esanetan. “Etsaientzat bere nagusitasuna ospatu eta honetaz harrotzeko eguna Euskal Herriko langileontzat borroka eguna izan bedi”, aldarrikatu du.