argia.eus
INPRIMATU
Jarki eta Eusko Ekintzaren arteko elkarlanaren hasiera izango da Albertia Eguna
  • Abuztuaren 15ean ospatuko dute Legutioko Albertia mendiko tontorrean eta Gazteluako hariztian. Eusko Ekintza eta Jarki antolakundeek agiri bateratua kaleratu dute.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 10
2016ko Albertia Eguna. Argazkia: Eusko Lurra Fundazioa

Oroimen historikoarekin lotutako itzal handiko ekitaldia da Albertia eguna, frankismo garaitik urtero antolatu du ANVk. Alderdi politikoaren legez kanporatzearen ostean, Eusko Ekintzak hartu du lekukoa. 1936ko gerran Legutio inguruan gertatu zen gatazkarik gordinena Euskal Herrian. Faxismoari aurre egiteko Albertian hainbat indar politikotako gudari eta milizianoak batu izana gogorarazi dute antolatzaileek, gaur egun ere elkarlanaren beharra azpimarratzeko.

Ezker independentistako antolakundeen artean "mesfidantza eta banaketa" direla nagusi diote Eusko Ekintzak eta Jarkik batera kaleratutako dokumentuan. Horrela, diote, ezinezkoa izango da alternatibarik gorpuztea; horregatik, "beharrezkoa da zubiak eta lankidetzarako esparruak ehuntzeko baldintzak sortzen joatea". Ildo horretatik, "lankidetzaren emaitza gisa" ikusten dute. Jarki eta Eusko Ekintzaren arteko lankidetza ez da puntuala izango, eta Albertiakoa izango da lehen ekimen bateratua.

Abuztuaren 15ean, larunbatean, 12:00etan Albertiako tontorrean gudariak omenduko dituzte eta 13:30ean Gaztelua herriko hariztian ekitaldi politikoa egingo dute.