Amaitzear den ikasturtean jardunaldi jarraia egin dute EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) zentroetan, COVID-19aren kutsadura arriskua murrizteko. Ordea, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri du hurrengo ikasturtean goiz eta arratsaldeko ordutegira itzuliko direla derrigorrean DBHko ikastetxe guztiak. Jardunaldi jarraiari eutsi nahi dieten irakasle eta gurasoak idatzi bidez ari dira beren eskaera argudiatzen Hezkuntza sailari bidalitako gutunetan. Jardunaldi mota baten eta bestearen aldeko argudioen artean, zenbateko pisua du catering enpresen negozioak?
Orain arte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako EAEko ikastetxeetan astegun batzuk izan dira jardunaldi jarraian egindakoak eta beste egunak bi zatitan egindakoak. Ordea, bukatzear den ikasturtean egunero jardunaldi jarraian aritzea zer den probatu dute ikastetxeek, osasun arauak direla-eta.
Eta behin probatuta, ikasle, irakasle eta guraso askok jardunaldi hau hobetsi dute. Hurrengo ikasturterako zein jardunaldi mota nahi duten galdetuta, hainbat ikastetxetan hezkuntza komunitate osoaren %90ak baino gehiagok egin du jardunaldi jarraiaren alde.
Baina erabakia ez dago ikastetxe bakoitzaren esku, Hezkuntza Sailak EAErako arautzen du. Jardunaldi jarraiarekin jarraitu nahi duten ikastetxeetako irakasleek adierazi diote Hezkuntza sailari beren eskaera, eta baita guraso elkarteek ere, gutun bidez. Ordea, Jokin Bildarratzek apirilaren 27an iragarri zuen "hurrengo ikasturtetik aurrera jardunaldi zatitura itzuliko garela". Horretarako eman dituen argudioak dira ikasleen arteko berdintasuna sustatzen duela batez ere egoera zaurgarrienean dauden ikasleen onurarako, eta kontziliazioa errazten duela.
Jardunaldi Jarraiaren Aldeko Plataforma bat ere badago, eta argudio hauek ematen ditu Bildarratzek aipatutakoen aurrean: kontziliazioari dagokionez, "oso lan gutxik, edo ia batek ere ez, uzten baitizu haurra 9:00etan uzten, 13:00etan jasotzen, 15:00etan berriz eramaten eta 16:30ean edo 17:00etan berriz jasotzen. Familia gutxik, oro har klase ekonomiko onenetakoak, onar dezakete kideetako batek ez lan egitea joan-etorri horietan aritzeko".
Ikasleen arteko berdintasun soziala sustatzeari buruz, zera diote: "Jardun Jarraiak desberdintasun sozialak areagotuko lituzkeela ere entzun dugu, baina inolako argudiorik gabe. Egia esanda gainerako lurraldeen hautematea kontrakoa da. Edozein kasutan, ados gaude egoera behartsuenetan dauden ikaslegoa sustatu behar dela, gainerako ikaslegoaren kalitatea kaltetu gabe. Erakundeen lana da, jantokiko bekekin gertatu den bezala, beken eta laguntzen bidez ikasle mota guztientzat aisiarako sarbidea eta kalitatezko jarduerak erreztea,ezarritako lanaldi mota edozein dela ere".
Nafarroan 2016tik jardun jarraia dutela oroitarazi dute, eta Espainiako estatuan bi erkidego baino ez direla falta: Katalunia eta EAE. Eta plataformak bere webgunean galdetzen du ea jardunaldi jarraiaren aldeko jarreraren atzean ez ote dagoen jantokietan catering enpresek irabazten duten dirutza: 17.000 bazkaltiar galdu dituzte cateringek EAEn COVIDarekin.
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) adierazpen kritikoa egin zuen iazko ikasturtean: "Osasun krisia ezin da aitzakia izan DBHn ordutegi jarraitua ezartzeko". Hainbat argudio eman zituen jardunaldi jarraia ez jartzeko: "Ez dago ordutegi jarraitua etena baino hobea dela justifikatzen duen arrazoi pedagogikorik", "Ikasle behartsuenak izango dira kaltetuenak, gurasoek ezingo baitiete kalitatezko jarduerarik eskaini arratsaldean", "Jantokia arriskuan jartzen du, familien kontziliazioa eta ikasleei elikatzeko eskubidea eskaintzeko funtsezko zerbitzua"...
EHIGEk zera aldarrikatu zuen idatzi hartan: "Eskola-garaiek eztabaida sakona eskatzen dute, gure hezkuntza-sisteman eman ez dena".
Eztabaida honi buruz gehiago irakurtzeko, hona EHIGEk gomendatzen dituen azterlana eta liburua.