argia.eus
INPRIMATU
Jarduera sismikoak antzeman dituzte Espainia eta Frantzia arteko itsaspeko interkonexio elektrikoaren trazaduran
  • Ekologistak Martxan erakundeak ohartarazi duenez, Espainia eta Frantzia arteko itsaspeko interkonexio elektrikoaren proiektuaren sustatzaileek “beste ezusteko bat” izan dute. Aurretiaz, Castor gas biltegiko proiektua bertan behera utzi zen, eta ondorioz, 1.350 milioi euroko kalte-ordaina jaso zuen enpresak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 23a

Espainiako eta frantziako estatuen arteko itsaspeko interkonexio elektrikoaren proiektuan jarduera sismikoak izan direla ohartarazi du Ekologistak Martxan taldeak. Megaproiektuak, Bizkaiko Golkoa itsaspeko kable handi baten bidez zeharkatuz, bi estatuen arteko sistema elektrikoak lotzea du helburu. Uztailaren 10ean, ordea, hiru sismo atzeman zituzten Frantziako kostaldean, Arcachon parean. Sismo horiek 2,2 eta 2,5 mbLg arteko intentsitatea izan zuten, eta hipozentroen arteko distantzia 5 kilometrokoa izan zen bataz beste.

Intentsitate txikiko hiru sismo izan baziren ere, “egonkortzat” jotako eremu batean jazo zirela ekarri du gogora talde ekologistak. Horri, gainera, sustatzaileek "urrian izan zituzten arazoak" gehitu behar zaizkiola azpimarratu dute. Zehazki, 2019ko urriaren 18an, INELFEk, Espainiako REE eta Frantziako RTE sistema elektrikoko operadoreek osatutako partzuergoak, Capbretoneko kanoia zeharkatzea baztertzeko erabakia adierazi zuen. “Lotunearen bizitza erabilgarrian trazaduraren egonkortasuna bermatzea ezinezkoa” dela aitortu zuen partzuergoak. Ekologistak Martxan “kezkatuta” azaldu da horren denbora laburrean egonkortasun geologikoan arazoak daudela egiaztatuta, eta batez ere proiektuaren bizitza erabilgarria hainbat hamarkadatakoa izango dela jakinik.

Europar Batasuneko (EB) Energia Batzordeak interkonexio hori Interes Komuneko Proiektu izendatu zuela ekarri du gogora erakundeak, eta horrek prozesuak bizkortzea dakar. Kasu honetan, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bat dakar Europako funtsen aldetik, 578 milioi euro, zehazki. Aurrekontuan jasotako ia 1.750 milioi euroen ia herena litzateke hori, antzeko proiektu bati inoiz eman zaion handiena. Talde ekologistaren ustetan, hori izango litzateke hain proiektu konplexua eraikitzea justifikatzen duen arrazoi bakarra, EBk berak bere onarpenean aitortzen duenari erreparatuta.

Dena den, proiektuaren prestaketetatik aurrera agertu diren arrisku guztiak kontuan hartuta, erakundearen arabera, zuhurtzia-printzipioa aplikatzeak “logikoa dirudi”, kontsumitzaileek proiektuaren kostuak faktura bidez ordaindu beharrik izan ez dezaten, eta berdin gerta litekeen edozein gainkosturekin ere. Interkonexio Elektrikorik Ez! herri plataformatik eta Megaproiektu Energetikoei Erantzuteko Laguntza Saretik, gertaera horien berri eman dute. Batik bat, Castor gas biltegia bezalako “porrotera kondenatutako beste proiektu bat saihesteko”. Izan ere, haren jarduerak eragindako aktibitate sismikoa zela eta, “bere jarduera etetea eta proiektua bertan behera uztea” ekarri baitzuen, kontsumitzaileek enpresa sustatzaileari 1.350 milioi euroko kalte-ordaina ematearekin batera.