argia.eus
INPRIMATU
Jardin Secreto tabernako lan-gatazkaz protesta egingo du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak
  • Kaltetutako langileak eta Langile Autodefentsa Sareak helarazitako erreklamazioen aurrean ez du deus esan enpresak, eta gatazka publiko egin dute. Bide horretan, elkarretaratzea egingo dute igandean, 13:00etan Bilboko Jardin Secreto aurrean. Enpresak beren eskariei entzungor egiten dien artean, gatazkaren izaera publikoa areagotzen joango direla ohartarazi dute.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko urriaren 02a
(Argazkia: @ESPACIO_OPEN)

Bilboko LAS Langile Autodefentsa Sareak elkarretaratzea egingo du igandean, 13:00etan, Bilboko Deustuko Erriberan dagoen Espacio Open aurrean (Erriberako 70. zenbakia). Han dago Jardin Secreto, irailaren 10etik lan-gatazka betean murgilduta dagoena.

Jardin Secretoko langile bat sarearekin harremanetan jarri zen, bere egoeraren berri emanez: lanean zela, ostalaritzako lan-hitzarmenari zegozkion egitekoak egingo zituen eta lan-hitzarmen txikiago bati dagokion soldata jaso zuen ordainetan; ostean, bajan zegoela kaleratu egin zuten, eta gizarte segurantzaren mezu bidez izan zuen kaleratzearen berri. Kasuaren aurrean, enpresarekin gatazka abiaraztea erabaki zuten, eta nagusiari erreklamazioak jasotzen zituen gutuna helarazi zioten langileak eta sareak.

Irailaren 17ra arteko epe muga eman zioten Jardin Secretoko nagusiari, erreklamazioen aurrean erantzuteko. Alabaina, ez du erantzunik eman. Epe-muga agortuta, kanpainari izaera publikoa ematea erabaki zuten orain bi aste, eta irailaren 17an elkarretaratzea egin zuten taberna aurrean, bezeroak presente zirela. Bide horretan, hurrengo mobilizazioa igandean egingo da, langileari elkartasuna adierazi eta enpresari presioa egin asmoz. Enpresak beren erreklamazioak bere gain hartu ezean gatazkaren izaera publikoa handituko dutela azpimarratu dute.

Kasuarekin loturan, langilearen eskubideak urratzea salatzeaz harago, besterik ere gaitzetsi du Langile Autodefentsa Sareak. Jardin Secreto-Espacio Open bezalako enpresek betetzen duten papera seinalatu dute, eta “alternatibismoaz baliatzea” leporatu die: “Langile auzoez aprobetxatzen dira kulturalki esku-hartu eta bidea zabaltzeko burgesiaren kapital inbertsio handiagoei. Horren adibide da Zorrotzaurreko irlaren proiektua, Deustuko Erriberan”.