argia.eus
INPRIMATU
Japoniako Joko Olinpikoak ikuslerik gabe egingo dira
  • Koronabirus kasuen igoera dela-eta hartu dute erabakia antolatzaileek. Japoniako lehen ministroak ostegun honetan iragarri du uztailaren 12an larrialdi egoera ezarriko dela.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 09a
Argazkia: Getty

Abuztuaren 23an hasiko dira Japoniako Joko Olinpikoak. Aurreikusita zegoen estadioetan 10.000 ikusle inguru sartzea edo edukiera erdiz zabaltzea, baina herrialdean birusak izan duen eboluzioa dela-eta, publikoari ateak ixtea erabaki dute. Batzorde Olinpikoa eta herrialdeko agintariak ostegun honetan bildu dira neurria eztabaidatzeko. Aholkulari medikuen gomendioei jarraituz, Tamayo Marukawa Joko Olinpikoetako ministroak ostegun arratsaldean iragarri du debekua.

Yoshihide Suga Japoniako lehen ministroak larrialdi egoera ezarri du herrialde osoan. Ekainaren 12an sartuko da indarrean eta abuztuaren 22ra arte iraungo du. Okinawa inguruan lehendik ezarrita zeuden neurri zorrotzagoak mantenduko dira, eta Tokiorekin mugak dituzten Chiba, Saitama eta Kanagawa eskualdeetan ere murrizketak ezarriko dira. Hokkaido, Kioto, Aichi, Hyogo eta Fukuoka probintzietan, berriz, malgutu egingo dira neurriak.

Kasuen eboluzioa

Ostegunean, Tokion beste 896 kasu atzeman dira; asteazkenan, 920 izan ziren. Maiatzetik igoera nabarmena izan dute herrialdean, eta Delta aldaera zabaltzen ari da. Horretaz gain, biztanleriaren %15 baino ez dago guztiz txertatua.