argia.eus
INPRIMATU
Japoniako 7,6 graduko lurrikarak eragindako hildakoak erregistratutako 48ak baino gehiago izan daitezke
  • Astelehenean Japoniako mendebaldeko kosta kolpatu duen lurrikararen ondorioz dozenaka pertsona zaurituta eta etxebizitza ugari suntsituta daude. Gutxienez 48 hildako eragin ditu, baina hondakinen azpian harrapatutakoak “lehenbailehen” erreskatatzeko beharra azpimarratu dute agintariek, hildakoen zifra handitu baitaiteke. Ohartarazi dute erreplikak gertatu daitezkeela.

Leire Artola Arin 2024ko urtarrilaren 02a
Lurrikarak Kanazawa-n utzitako ondorioen irudi bat.

Ishikawa prefekturako Wajima hirian izan da Richter eskalako 7,6 graduko lurrikara –1etik 12rako tartean neurtzen da–, han 16:10 inguru zela. Hipozentroa hamar kilometro inguruko sakoneran izan dela ondorioztatu dute, eta ondorengo orduetan beste 60 dardara erregistratu dituzte. Tokioko eraikinetan ere nabaritu dute dardara, hipozentrotik 300 kilometro baino urrunagora.

Fumio Kishida lehen ministroak ohartarazi du herrialdea “denboraren aurkako borrokan” dagoela orain: “Lehenbailehen egin behar ditugu erreskateak, batik bat hondakinen azpian harrapatuta dauden pertsonenak”. Gutxienez 48 hildako eragin ditu lurrikarak, baina azpimarratu dute zifra ez dela ziurra eta gehiago izan daitezkeela, eroritako eraikinen azpian egon daitezkeelako hainbat. Dozenaka pertsona zauritu dira.

Etxebizitza ugari ere suntsituta geratu dira eta suteak piztu dira. Wajima hirian astearteko 07:00etan oraindik suteak piztuta zeudela berretsi du suteen departamenduak, The Guardianek jaso duenez, eta gutxienez 100 eraikin erabat suntsituta geratu direla. Kishidak jakinarazi du erreskateak egiteko oztopoak dituztela, errepideak hondatuta geratu direlako lurrikaren ostean: larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak kostata ari dira Noto penintsularen iparraldera iristen, eta itsasoz ari dira saiatzen.

Erreplikak egon daitezke

Lurrikararen ostean tsunami alerta ezarri dute autoritateek, eta bospasei metroko olatuak espero zirela esan du Japoniako NHK telebista kateak. Alerta kendu duten arren, agintariek eskatu dute ez itzultzeko etxeetara, izan ere, meteorologia agentziak gogorarazi du datozen egunetan erreplikek berriro ere kaltetu ditzaketela lurrikarek kolpatutako eremuak, The Guardianek jakinarazi duenez.

Japonia mendebaldeko kostan dauden Ishikawa, Toyama eta Niigata prefekturetan izan dira kalterik handienak, eta 46.000 herritarrek utzi behar izan dute etxea. Zerbitzu asko ere etenda daude, eta milaka lagun argindarrik gabe geratu dira, 30.000 etxe, hain zuzen, Japoniako Gobernuaren arabera. Kostaldean hogei erreaktore nuklear baino gehiago daude, baina gobernuak ziurtatu duenez ez dute kalte larririk izan, eta ez dute erradiazioaren igoerarik neurtu prefektura horietan.