Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.
Mila milioi litro baino gehiago metatu dira jada Fukushimako zentral nuklearreko erreaktoreetan. Ur-metaketa gora doa etengabe, eta lekurik gabe geratuko direla adierazi du Yoshiaki Harada Japoniako Ingurumen ministroak. Egoera hala, ura ozeano barera botatzera behartuta daudela uste du ministroak.
2011ko lurrikararen eta osteko tsunamiaren ondoren, milaka tona ur baliatu zituzten erregai nuklearra hozteko. Erabilitako urari ur gehiago joan zaio gehitzen, kutsatutako uraren bolumena handituz. Tokyo Electric Power (Tepco) enpresa da Fukushimako zentral nuklearraz arduratzen dena, eta ur-metaketa ezin izan dutela ekidin adierazi dute.
Aldi berean, uraren erradioaktibitatea jaisten saiatu dira, baina ezin izan dute guztiz lortu, tritioa (hidrogenoaren isotopo erradiaktibo bat) kentzeko teknologiarik ez baita garatu oraindik. “Uretara botatzea eta disolbatzea izango da aukera bakarra” adierazi du Harada Ingurumen ministroak.
Kutsatutako ura kudeatzeko beste bi aukera nagusi daude: ura lurruntzea edo lur azpian gordetzea. 2022ra arte denbora dutela adierazi du Haradak; beraz, ordura arte erabaki zurrunik hartuko ez dutela esan du.
Ura itsasora botaz gero, oraindik ez dakite zehazki zenbat litro botako dituzten. Uste dute hamazazpi urte beharko dituztela kutsatutako ur guztia botatzeko, ahalik eta kalte gutxien eraginez. Kutsatutako ura ur normalarekin diluituko dute, eta ondoren pixkanaka itsasora botatzen joango dira. Nahiz eta aditu eta politikariek eragin handirik izango ez duela baieztatu, bertako arrantzale txikiak kexu dira ur-isurketa dela eta.
Arrantzaleez gain, Hego Korea ere kexu da, haien ustetan eragina izan baitezake itsaski industrian. Abuztuan Hego Koreako gobernuko ordezkariak eta Japoniako enbaxadako kideak elkartu ziren isurketaren xehetasunak argitzeko.