argia.eus
INPRIMATU
Japoniak alarma egoera dekretatuko du herrialdeko hainbat prefekturatan
  • Tokio eta beste sei prefekturari eragingo die asteartean Japoniako Gobernuak hartuko duen erabakiak. Momentuz hilabeterako itzuliko da alarma egoera, baina ez dute ezeztatu luzapenik egongo denik. Epidemiaren jaioterritik hurbil, urtarril hasieratik birusaren kasuak egonkor mantentzea lortu du herrialdeak, zenbait hiritan agerraldi berriak izan arte.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 07a
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa alarma egoera deklaratzen. Argazkia: El PeriĆ³dico.

Tokio, Kanagawa, Saitama, Chiba, Osaka, Hyogo et Fukuokako prefekturetan ezarriko da alarma egoera, eta bertako gobernadoreen esku egongo da neurriak ezartzea. Hezkuntza-zentroak eta jende pilaketak sortzen diren lekuak ixteko eskatu dezakete gobernadoreek, baita jabearen baimenik gabe eraikin edo lursailak erabili ere. Hala ere, Japoniaaren kasuan ezin ditzakete neurriak betetzen ez dituzten herritarrak zigortu, herritarren borondatearen araberakoa da konfinamendua betetzea.

Agerraldi berriak                        

Japonia, Txinarekiko hurbiltasun geografikoagatik, epidemiaren hasieratik izan da arrisku handia duen herrialdeetako bat. Hain zuzen ere, pandemia Europara eta mundu osora zabaldu aurretik, Japonia zen mundua gehien kezkatzen zuen herrialdeetako bat. Bertakoa zen Diamond Princess itsasontzia: 620 kasurekin momentu batean Txinatik kanpora kutsatu gehien zeuden lekua zen itsasontzi hori.

Herrialdeak Hego Koreako eredua jarraitu eta test ugari egin beharrean, eri larriak artatzeari ekin zion, eta birusaren hedapena egonkortzea lortu zuen, herrialdeko egoera ekonomiko oparoari esker. 1.800 kutsatu eta 55 hildako zenbatzen ziren. Orain ordea, herrialdean kasu berriak azaltzen hasi dira: 2.000 kasu berritik gora zenbatu ditu Japoniak azkeneko 10 egunetan, 3.743 guztira eta 85 hildako. Kutsatu gehien Tokion dago, 1.034 hain zuzen ere.

Zer dela eta kasu berri horiek?

Bazirudien Asiako ekialdeak atzean utzia zuela jada pandemia, apirilaren 6an Txinan hildakorik ez zenbatzeraino. Baina Japonian berriz egin dute gora koronabirusaren kasuek, herrialdeko zenbait hiri ixtea bezalako neurri drastikoak hartu behar izateraino. Horren arrazoia Japoniako Gobernuak ezarritako neurri ahulak direla diote zenbaitek.

Izan ere, gobernuak ez zuen konfinamendurik dekretatu pandemia hasi zenean, ezta kutsatu gehien zituzten prefeturak isolatu ere. Hezkuntza-zentroak itxi zituen eta jendeari etxean geratzeko eskatu, baina aditu askok neurri horiek “nahikoa ez” direla adierazi dute.