Bi txano zeramatzala argudiatuta (jertsearen txanoa eta zamarrarena, irudian ikus daitekeen moduan), tiketa erakusteko eskatu dio neska gazte bati Iruñeko Zarako segurtasun arduradunak, dendatik ateratzean. Ez hanka ez buru ez duen argudioa aitzakia hutsa dela eta ijitofobia kasu baten aurrean daudela ulertuta, ama-alaba ijitoek poliziari deitu diote. Eta poliziari bai, erakutsi dizkiote tiketak.
Ijitoen aurkako diskriminazioa dela garbi ikusi dute ama-alabek, eta uko egin diote tiketa erakusteari. Poliziari deitu diote eta hari bai, erakutsi diote tiketa. Gainera, segurtasun arduradunak aipaturiko jertsea ez zen Zara dendan erosia. Abenduaren 30ean gertatu da, Iruñean, eta polizia-etxean salaketa jartzearekin batera bideoan zabaldu dute ama-alabek, Gaz Kaló Federazioaren bitartez.
“Umiliatuta eta jazartuta” sentitu direla adierazi dute, ezin dela halakorik onartu eta ezin direla erosketak egitera lasai joan.
Diskriminazio hori, gainera, oso ohikoa da eta egunerokoan sufritzen dute ijitoek, dendatan dabiltzanean. Hala kontatu zuen berriki June Fernandezek ARGIAko erreportaje honetan: Erosketak egitea amesgaiztoa da emakume ijitoentzat.