argia.eus
INPRIMATU
Jankide ala jaki

Mikel Aramendi 2024ko otsailaren 27a
Argazkia: Patrick Gruban/Flickr

Deabruak gobernatzen ditu metaforak, eta gisako adimen-jolasak.

Batzuetan, errealitatearen deabrua izaten da maisua. Zenbat hilabete daramatzagu “arauetan oinarritutako nazioarteko ordena” ospetsuaren aditzerarik gabe? Ez zen ba nolanahikoa “rules-based international order” hori; siglaz ere ematen zizuten: RB(I)O.

Hara: "Madrilen egin zen NATOren Goi Bileraren amaierako prentsaurrekoan, [Bidenek] ohartarazi zien Errusiari eta Txinari munduko demokraziek 'arauetan oinarritutako ordena' (RBO) defendatuko zutela. […] 2022ko urriaren 12an, Segurtasun Nazionalerako Estrategia eman zuen argitara AEBetako presidenteak; estrategia horrek behin eta berriz aipatzen du RBO, 'munduko bakearen eta oparotasunaren oinarria' delakoan. 'Arauetan oinarritutako ordena' esamoldea hain maiz erabiltzen dute AEBetako buruzagi politikoek, demagun, Biden presidenteak eta Antony Blinken Estatu idazkariak, ezen, Harvardeko Unibertsitateko Kennedy Eskolako Stephen Walt irakaslearen arabera, 'badirudi lan-baldintza bihurtu dela AEBetako atzerri-politikaren aparatuan goi-postu bat izateko'".

Gazako sarraskia hasi zen arte. Orain, nonbait, ezin da RBO aipatu. “Arauak” eta “ordena” dezenteko sarkasmoa liratekeelako, ezta? Deabrukeria bertsua duen “nork bere burua defendatzeko eskubidea” da, batzuetan, haren ordezkoa.

Beste batzuetan, logikaren deabrua sartzen da tartean, eta ez da hobea hura. Horrelakoetan ia beti aurkituko dugun Blinkenek harekin ere topo egin du. Duela hamar egun Municheko Segurtasun Konferentzian otu baitzitzaion botatzea: “And if you’re not at the table in the international system, you’re going to be on the menu”. Euskarara ekarrita: nazioartean, jalea ez bazara, jakia izango zara.

Ez da batere berria aburua, ezta Estatu Batuen kanpo-politikan ere. Eta bistan da gardena dela: hurkoa jaten ez baduzu, hark jango zaitu.

Gardenegia, agian: mahaiaren metaforak apenas lausotzen duen mezuaren agresibitatea. Horrexegatik, etxerako, “lagunartean”, erabili ohi zen orain arte. “He might be an SOB, but he is our SOB”, eta gisakoak bezala.

Blinkenek, ordea, jendaurreko hizpidera ekarri du goi-mailako mintzaleku batean. Eta gainera, aliatuekin harremanak lantzeaz ari zela: Jaishankar eta Baerbock zituen mintzaide une hartan. Estatu Batuek beti mahaian eserita jaten aritzeko asmoa dutela argi geratuko al zitzaien. Eta eskaintzen zitzaien hautabidea ere nahiko agerikoa da: jankide (baina inork ez du esan guztiek berdin jango dutenik) edo okela.

Jaki izango liratekeen beste batzuek berehalaxe ulertu dute.