argia.eus
INPRIMATU
“Jane, Tarzan ez zen horren guay” eta “Zulo” filmak garaile Euskal Zine Bileran
  • 40. edizioa agurtu berri du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Film onenaren saria Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay lanak lortu du profesional mailan eta Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo filmak amateur mailan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urriaren 23a

Tarzan eta Jane elkarrekin igeri egiten duteneko eszena famatuaren berrikuspena da Jane, Tarzan ez zen horren guay larrabetzuarra, non koloreak, erritmoak eta forma abstraktuek paradigma berri bati buruz hitz egiten diguten. Zulo zestoarra berriz, adoreaz mintzo zaigu: istorioko bi protagonistek elkar maite dute eta maitasun hori elkarrekin bizitzea hautatuko dute, oztopo, beldur, ezintasun eta mugen gainetik.

Zuzendaritza onenaren saria Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek lortu dute Euritan lanagatik (profesionaletan) eta Oier Fuentesek Aska Tasun Hari pelikulagatik (amateurretan). Gidoi onenaren saria azkenik, Zorrak Zor lanarentzat izan da profesionaletan (Bertol Arrieta) eta Atera bidetik ikus-entzunezkoarentzat amateurretan (Sare Gernika-Lumo).

Juanba Berasategi eta Benito Ansola

Euskal Zinemaren Begiradak atalak Juanba Berasategi zinegilea (aurten zendua) eta Benito Ansola Lekeitioko apaiz eta zinemazalea izan ditu protagonista; omenaldi hunkigarria eskaini zaie.

Pelikula ugariz gozatzeaz gain, ekintza paraleloak ere izan ditu Euskal Zine Bilerak: XIII. Kameratoia egin da, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rally honetan, parte-hartzaileek 48 ordu izan dituzte film bat egiteko. Sektorearekin elkarrizketan atalean berriz, profesionalek harremanetan jartzeko aukera izan dute, (H)emen-(H)ere kolektiboak dinamizatuta (ikus-entzunezkoen sektorean emakumeen ikusgarritasuna oinarri duen kolektiboa). Besteak beste, mahai-ingurua egin dute, Euskal Zine Bileraren urteotako bilakaera aztergai.