2019ko apirilean sortu zuen Mutturfin proiektua Donamartiriko Guilhem Marrimpoey sukaldari gazteak. Herri batetik bestera mugitzen duen sukalde ibiltaria da Mutturfin, baina badu berezitasun bat: hurbileko ekoizleen produktuak dira nagusi bertan. “Aski gauza sinpleak egiten ditugu Mutturfineko kamioian: bio hanburgesak, astero aldatzen goazen plater bat… hori bai, hemengo ekoizleekin lan egitea da proiektuaren ideia nagusia”, dio egitasmoaren sortzaileak.
Hanburgesak eta eguneko platerak eskaintzen dituzte Mutturfineko kideek astean zehar mugitzen diren herrietan, eta erabiltzen duten produktu guztia Ipar Euskal Herrikoa izan dadin saiatzen dira: Donapaleuko La Ferme Elizaldia etxeko eta Mauleko Axuria kooperatibako haragiak, Irisarriko ogia eta barazki ekologikoak, Donazaharreko gasna… “Alimaleko aukera daukagu hemen”, dio Marrimpoeyk. Erabiltzen dituzten produktuen zerrenda eskuragarri dute webgunean; guztira, inguruko 14 ekoizleri hartzen dizkiete osagaiak. Eta produktu horietako asko jasotzera, gainera, zuzenean pasatzen dira Mutturfineko kideak.
Gertutik bizi izan du ekoizpenaren alderdia proiektuaren sortzaileak: “La Ferme Elizaldian aritu nintzen lanean, bertako txerriak ekoizten dituen enpresan”. Sukaldean aritu zen zenbait urtez, eta han hasi zen sumatzen jendeari asko interesatzen zitzaiola haragia eta beste produktuak nondik zetozen jakitea. “Badago horrekiko ardura, asko galdetzen didate orain ere ea nola moldatzen naizen bertako ekoizleekin lan egiteko”.
Bertan ekoiztutakoa bertan kontsumitzea ahalbidetzen du Mutturfin food truck-ak. Izan ere, beraien plateretarako osagaiak datozen zenbait herritatik pasatzen da astero: asteartetan Donamartiritik eta Izturitzetik, asteazkenetan Irisarritik eta Heletatik, ostegunetan Ortzaizetik eta ostiraletan Hazparnetik. “Donamartirikoa naiz ni, eta hasieratik nuen hemengo herriei eta jendeari zerbait eskaintzeko gogoa, barnealderako proiekturen bat egitekoa”.
Lapurdiko kostaldean eta hirietan zerbitzu eta eskaintza askoz handiagoa dagoela ikusita, barnealdean zerbait sortzeko mugitzea zegokiola pentsatzen zuen Marrimpoeyk. Ideia horretatik sortu zen Mutturfin, eta buruan zuen proiekturako food truck-aren forma zen egokiena. “Asteartetik ostiralera furgonetarekin aritzen gara, eta asteburuetan, berriz, jendearen etxeetan pintxo bidezko otorduak edo afari klasikoak prestatzen ditugu”. Jendearen beharretara egokitzen dira Mutturfineko bi lankideak. Momentuz, urte eta erdiko ibilbidean izan duten erantzunarekin oso pozik dago sukaldaria.