argia.eus
INPRIMATU
Janaria osasunaren oinarri lehena
  • Baliteke koronabirusaren ausikiak, uspelak eta beldurrak urrunduko diren apurka apurka, udako beroak nagusitzearekin. Tsunami tzar batek bezala gaindituak zituen gure tarrapatak eta espantuak oro.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2020ko ekainaren 08a

Janari edo elikaduraren gaia jin da askotan mahai gainerat konfinamendu denboran. Erraidazu zer eta nola jaten duzun, eta araberako osagarria dukazula frogatuko dauzut. Eta denek dakite orain janari molde bakotxak badauzkala bere ondorioak, onerako edo txarrerako.

Denek sesitua dute lehen aspaldi baino diru gutiago ezartzen dela janariaren eskuratzeko. Orduan ilabeteko buxetaren herena ezartzen bazuen familiak janariaren erosteko, erditaratua du aspaldian bakotxak ezinbesteko diru gastatze hori. Gehienak gabiltza janari merkearen ondotik, nunbait baztertu behar baita dirua gainerateko gastuetan xahutzekotz, alokairuetan bezala garraioetan, ezpada ateraldietan edo ausagailuetan.

Janaria merke hornitzeko bidea urratua da. Laborantza industrializatzea aski zen. Kantitateak ekoizterat behartu, produktibitatea zorroztuz, mekanizatuz eta langileak merkeenerat ordainduz. Ahal den neurri guzian merkatuetan ekoizpenak soberakinean eskaini, prezioak apalenean izan zitezen, laborariak beste gisan lagundu behar izanik ere, edo desagertzen utzi....

Ahantzi gabe goserik dauden guzientzat elkarteak hor direla sokorri eta sustengu. Frangotan biltzen dituzte supermerkatuen soberakinak, delako merkatu prezioak apal atxikitzen dituzten soberakin haien parekoak. Zerga gutiago ordaintzen dute saltegi handiek soberakinak eskainiz. Eta bestalde, Bihotzeko Ostatu ala Sokorri Katoliko, herritar batzuek beste moduko aserik hazten dute praubeagoen laguntzen. Behartsuek aldiz ez dute hauturik, sabeleko goseak ase, gainerateko goseak ahantzi. Mundu hau trebes doa.

Ezjakin koronaren kurrinkaldi huntarik landa, serioski kontsideratuko denez elikadura osasunaren oinarri bezala. Osagarria premiazkoa zela kontuan harturik, erabaki zen azken mundu gerla ondoan amankomunean artatzea, eta sortu ziren seguritate soziala bezalako antolakuntza baliosak. Ez al du merezi elikadurak altxor amankomun bezala tratatua izatea?  Herritar guziek dretxo baitute gutienez janari ona eta sendoa!